Imanol Agirretxeri agur-afaria larunbatean Saizarren, izena aurrez eman

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 11a, 09:18

Irailaren 15ean Anoetan, Realaren eta Bartzelonaren arteko neurketan egingo zaion omenaldiaren ostean, sorterrian jasoko du Imanol Agirretxe Arrutik usurbildarren agurra, urteotan zaletu eta lagunak bildu dituen Agirretxe Taldeak antolatu dion afari baten bueltan. Saizar Sagardotegian ospatuko da otordua, aipatu moduan, hilaren 15ean, 21:00etan hasita. 33 euroren truke, sagardotegiko menua dastatu ahalko da. Afaritarako izena aurrez eman beharko da, zenbakiotako batera deituta: 666 987 083, 627 813 385.

Gogoan izan, abuztu amaieran iragarri zuen Agirretxek, Reala eta futbola utzi egingo zituela. Albistearen berri protagonista berak eman zuen agerraldi bidez, Zubietan.

"Ametsezko ibilbideari ametsezko bukaera eman nahi diot"

"Nahikoa ari zait kostatzen hau guztia esatea". Hunkituta, hartutako erabakiarekin ziur, zoriontsu, etapa berriari ekiteko gogotsu, eta batez ere, maila profesionalean egin duen ibilbide oparoan bidelagun izan dituen guztiekin esker oneko agertu zen abuztuaren 29an Imanol Agirretxe Arruti, Realak Zubietan duen egoitzan eskainitako prentsaurrekoan. Taldea eta futbol profesionala utziko dituela iragarri zuen usurbildarrak.

Berriki izan duen lesioak bultzatu du erabakia hartzera. Astebete lehenagoko kontua baino ez zen izan. "Erabakia aurreko astean hartu nuen", zioen usurbildarrak hedabideen aurrean. Lesioak zer pentsatu eman diola aitortu zuen, honakoa zela hartu duen erabakia hartzeko unea.

"Benetan maitatua sentitu naiz uneoro"

Realak egin duen aurredenboraldi oso onaren aurrean, argi zuen, "ezingo nuke hemen egon ehuneko ehunean ez baldin banago". Erabakia hartuta, pozik, zoriontsu eta lasai doala gaineratu zuen Agirretxek.

Eskerrak eman nahi izan zizkion maila profesional guztian zehar kide izan den klubari. "Beti errespetuz eta maitasun handiz hartu nauzue, hori sentitu eta jaso dut eta hori benetan garrantzitsua da niretzat", adierazi zuen. Harrobiari, atzetik datozen jokalariak nabarmendu nahi izan zituen. "Gazteak indartsu datoz, balore handiekin eta horrek oso lasai uzten nau", adierazi zuen Agirretxek.

Esker ona adierazi zien baita zaletuei. "Oso pozik nago, oso zoriontsua naiz, maitasun asko jaso dut, benetan maitatua sentitu naiz uneoro bai zelaian eta zelaitik kanpo", zioen. Familiari "eskerrik asko handi bat" helarazi nahi izan zion. 

Anoetako omenaldiaz: "Oso berezia izango da"

Azken agurrera hitzartu zituen bertaraturikoak; Imanol Agirretxe Arruti usurbildarra, irailaren 15ean omenduko dute Anoetan, Realak Bartzelonaren aurka jokatuko duen neurketan. Une berezia izango da zalantzarik gabe, Agirretxerentzat bere ibilbidea borobiltzeko modu ezinhobea. "Anoetan nire zaletu guztiei agur esatea eta hain maitatua sentitu naizen toki batean gainera, oso berezia izango da", iragarri zuen usurbildarrak.

Harro agertu zen ibilbide osoan zehar kamiseta txuri urdina soinean jantzita eraman izanagatik. "Niretzako amets bat da azken eguneraino kamiseta hau, kolore hauek defendatzen egotea". Eta bukaera ere halakoxea izatea nahi du. "Ametsezko ibilbideari ametsezko bukaera eman nahi diot", adierazi zuen usurbildarrak.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA