"Oreina" eta "Dantza" filmak, Donostiako Zinemaldian ikusgai

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 12a, 11:43

Aginaga, Usurbil edo herritarrak ageri diren bi filmok datorren Donostiako Zinemaldian proiektatuko dituzte. Irailaren 21etik 29ra ospatuko den Donostiako 66. Zinemaldiaren Zuzendari Berrien atalean lehiatuko da Koldo Almandoz zine zuzendari donostiarraren "Oreina". Zine aretoetan, irailaren 28an estreinatuko den filma albiste badugu, udalerri honekin lotura estua duelako da. Iazko irailean eta urrian, "Oreina" Aginagan eta Usurbilen aritu ziren grabatzen. Baita Orion, Oiartzunen, Donostian, Hernanin eta Tolosan. Sei asteko grabazioetan, 60 profesionaleko lan taldeak parte hartu zuen.

Datorren Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta lehiatuko da "Oreina", "Kutxabank-New Directors" atalean. Sariketa honetan parte hartuko dute, lehen edota bigarren film luzeak zuzendu dituzten Europa, Asia edota Latinoamerikako 13 zinemagile. "Zinemagile berriak-hots, zinema pentsatu eta egiteko molde berriak- ezagutzera eman nahi ditu New Directors sailak", adierazi dute sariketa honen gaineko xehetasunak emateko antolatu duten gaurko prentsaurrekoan, Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eta Donostialdeko Kutxabanken arduradun Gerardo Cangasek.

"Oreina" filmari buruz honakoa adierazi dute. "Koldo Almandozek (Donostia, 1973) ibilbide luzea egin du film laburraren munduan, Kimuak programarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lotuta. Hain zuzen ere, 1997an Zabaltegin programatu zuten haren lehen film laburra, Razielen itzulera, eta bi hamarkadaren ondoren sail horretantxe aurkeztu zuen Sipo Phantasma ere, Rotterdamen estreinatu eta gero. Oreina bigarren film luzea du".

Zuzendari Berrien sari hau (50.000 eurokoa) nazioarteko epaimahai batek emango du. Baina horrekin batera, 18-25 urte arteko 300 ikasleek osaturiko epaimahaiak emandako Gazteriaren Saria jasoko du lehiakideetako batek. 

"Oreina"

Zuzendaritza eta gidoia: Koldo Almandoz.

Aktoreak: Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elías eta Erika Olaizola.

Sinopsia: "Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia erakutsiko dizkigu. Periferia horretan, jatorri desberdineko pertsonak gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea, zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea. Khalil, industriaguneak, ibaiak eta padurak bat egiten duten hiriko periferian bizi den gazte deserrotua da. Khalilek ahal duen moduan egiten du aurrera eta ibai ertzeko etxea anaiarekin konpartitzen duen furtibo zahar batekin pasatzen ditu egunak. Mareek, paduraren uhertzean, maitasuna eta desamodioa, kidetasuna eta mendekuaren denbora markatzen dute".

Ekoizlea: Marian Fernandez Pascal.

Argazki zuzendaria: Javier Agirre Erauso.

Muntaia: Laurent Dufreche.

Musika: Elena Setien eta Ignacio Bilbao.

Arte zuzendaria: Mikel Serrano.

Soinua: Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador.

Makilaia eta ilea: Kizkitza Retegui.

Jantziak: Leire Orella.

Iraupena: 85 minutu.

Estreinaldia: 2018ko irailaren 28an. https://youtu.be/HBvEYtPhGZc

"Dantza", Zinemaldiko Sail Ofizialean

Txintxua Films-ek ekoitzi du "Oreina", ETB-k parte hartu du proiektuan eta Eusko Jaurlaritzak lagundu du. Ekoiztetxe honek estreinatzear du bigarren film bat ere aurten, 2018an; "Dantza". Euskal dantza tradizionalak ikuspuntu berritzailetik, doinu, estetetika eta koreografia berriekin islatu eta Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako film honek ere Usurbilekin lotura estua du. Usurbildarrak ageri dira eta, dantzan noski.

Euskal Herriko hainbat txokoetan grabatzen aritu da Esnal azken urteotan. Tartean, iazko maiatzean Leitzan (Nafarroa). Hantxe, grabazio haietan parte hartu zuen Orbeldi Dantza Taldeak. Aurrerapentxo bat iazko Donostiako Zinemaldian proiektatu zuten arren, aipaturikoa, 2018an estreinatuko dute "Dantza". Datorren Donostiako Zinemaldian ikusgai izango da baita, Sail Ofizialean proiektatuko dute. 

Filmok kusteko sarrerak irailaren 16an, igande honetan, goizeko 9:00etan jarriko dituzte salgai. Informazio gehiago: sansebastianfestival.com

"OREINA"

"DANTZA"