Imanol Agirretxe: “Lesio hau ez da kasualitatez gertatu eta nahikoa dela erabaki dut”

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 12a, 17:25

Larunbat honetan, Imanol Agirretxek agur esango dio kirol ibilbide profesionalari. Anoeta estadioan, bere zaletuen aurrean. 

 

NOAUA! Gazte zara oraindik, Imanol. Damutzeko garaiz zabiltza. Ondo pentsatu al duzu?

Imanol Agirretxe. Dudarik gabe. Erabakia sendoa eta irmoa da. Ez dut presarik ez presiorik izan. Ondo hausnartu eta gero erabaki dut uztea. Bi urteko kontratua nuen aurretik baina etapa hau bukatzeko momentua hau zela ikusi dut. Azken lesio honengatik eta, batez ere, nola gertatu den ikusita. Ez banago %100ean ez dut egonean egon nahi. Lesio hau ez da kasualitatez gertatu eta nahikoa dela erabaki dut. Pentsatu eta sentitu dudan momentuan, kontatzeko beharra sentitu dut. Eta jendaurrean esateak lasaiago utzi nau.

 

Zure erabakiak sorpresa eragin du baita futbola gertutik jarraitzen dutenen artean ere, ezta?

Bai, sorpresa izan da. Baina mundu guztiak ulertu du. Nire ibilbidea jarraitu dutenek  bazekiten gutxi asko nola nenbilen eta denek ulertu dute. Baina hala ere, batzuentzat shock moduko bat izan zen iragarpena. Gutxik zekiten. Taldekide batzuk goiz horretan bertan jakin zuten.

“Etxeko taldean amaitzeko zoria dutenak oso gutxi dira”

Normalean, denboraldi amaieran iragartzen dira erretiroak. Zurea ezberdina izan da. Denboraldia hasi berritan.

Nirea ez da lesio potolo bat, “txiki” asko baizik. Orkatilan ebakuntza egin ondoren, arazo ezberdin asko hasi zaizkit. Entrenamendu sinple batean, tiro batean hain erraz hausteak, zer pentsatua eman zidan. “Hobeto ezin nuen iritsi entrenamendu honetara eta hain erraz hautsi al naiz?”. Hor erabaki nuen futbola uztea.

 

Iragarpenaren egunean zenbat mezu jaso zenituen?

200dik gora bai. Tartean, espero ez duzun jende askorena. Zurekin akordatu dena. Hainbeste lagun egin ditut urteotan eta hainbeste lagun ditut hortik zehar... Hori da futbolak duen gauza handienetako bat.

 

Jendearen erantzuna oso beroa izan da. Zure agerraldia ezberdina izan zelako akaso.

Oso maitatua sentitu naiz beti. Asko jaso dut zaletuen aldetik. Lesionatuta egon naizen denboran, are gehiago sentitu dut berotasun hori. Hain zoriontsu izan eta gero, nire kirol ibilbidea sentsazio onarekin amaitu nahi nuen. Realean oso ondo portatu dira nirekin eta nik ondo bukatu nahi nuen taldearekin. Iruditzen zitzaidan hau zela momentu egokiena.

Amestutako amaiera

Asier Zubiria atezainak hauxe esan zigun erretiratzear zenean: “18 urterekin edo, ez dakizu zure kirol ibilbidea nondik nora joango den. Ezta nola eta noiz bukatuko den. Baina behin adin batera iristen zarenean, hasten zara amaiera hori nola nahiko zenukeen imaginatzen. Eta azken urteotan erreflexio hori egiten aritu naiz”. Ez dakit zure kasua izan ote den?

Beti duzu buruan bukaera perfektuaren irudia. Denoi pasa zaigu burutik. Nirea amestutakoa izango da: Anoeta futbol zelaian, zaletuen aurrean. Hori oso garrantzitsua da niretzat.

Asierrek ere lortu zuen. Ibilbide luze bat osatu eta gero, bere azken partida etxean jokatu zuen. Eredugarria izan zen. Beti idealizatu ditut horrelako bukaerak baina askotan ez dago zure esku. Hemendik atera zaitezke, beste norabaitera joan… Mila gauza pasa daitezke zure kirol ibilbidean  eta etxeko taldean amaitzeko zoria dutenak oso gutxi dira.

“Nire haurtzaroa frontoiarekin eta lagunekin lotuta dago”

Atzera egingo dugu une batez. Lagunekin hasiko zinen futbolean, ezta? Zer nolako oroitzapenak dituzu?

Usurbilgo oroitzapenak beti dira onak. Kalekume batzuk ginen. Frontoi ondoan bizi ginen eta bertan pasatzen nuen egun osoa. Futbolean, eskuz pilotan, erraketarekin, palarekin… Nire haurtzaroa kalearekin, frontoiarekin eta lagunekin lotuta dago. Orain umeak frontoian ikusten ditudanean orduko oroitzapenak etortzen zaizkit gogora eta polita da.

“Pilotan, Pako Alkortarekin entrenatzen hasi ginen

Pilotan eta eskubaloian ere ibili zinen, ezta?

Pilotan, Pako Alkortarekin entrenatzen genuen frontoian. Bihotzez eta pasioz aritzen zen gurekin. Ume pila ibiltzen ginen eta hura gobernatzea ez zen erraza izango. Dena den, polita zen ikustea zenbat ordu pasatzen zituen bertan eta zer nolako kariñoarekin eta pasioarekin egiten zuen dena. Denekin zuen tratu ona. Pakoren azken garaia harrapatu genuen eta ondoren Enrike Huizik hartu zuen ardura.

Eskubaloian ikastolarekin ibiltzen ginen, gelakoekin. Dantza taldean ere aritzen ginen garai hartan. Oso mugitua nintzen eta gauza asko egiten nituen. Edozein gazte bezalaxe, ezta?

 

Oso gazte hasi zinen nabarmentzen. Horrelakoetan, erraza da burua galtzea. Zure kasuan ere, familiaren babesa oso garrantzitsua izango zen.

Oso garrantzitsua da. Meritu handia dute nire gurasoek, beti gainean egon direlako. Marratik oso zuzen eraman naute. Pasatzen zena pasatzen zela. Haien kezkarik handiena hori zen: nola nengoen jakitea, nire jarrera zein zen ikustea, irakatsitako balioak zuzen jarraitzea eta hortik ez ateratzea. Gurasoek bere garaian transmititu zizkidaten gauza guztiak ulertu eta nire egin nituelako naiz orain naizen bezalakoa. Beste ingurune batean, edo beste guraso batzuekin, akaso ez nintzateke hemen egongo orain zuri hau dena kontatzen. Auskalo zer izango zen. Garrantzia handia ematen diot horri guztiari.

“Inportantea da ingurune egoki bat izatea”

Oso puztuta dago eliteko kirol mundua. Batzuetan ahaztu egiten dugu kirolariaren aurretik pertsona dagoela, ezta?

Hala da. Pertsona ez badago ondo hezita, gainontzeko guztia ez da aterako. Futbola gero eta dimentsio handiagoa hartzen ari da. Gu 15-16 urterekin hasi ginen egunkarietan agertzen eta hori dena kudeatzen jakin behar da. Adin horretan, hasi berri zaren une horretan, oso inportantea da ingurune egoki bat izatea; “txikito, segi lasai lanean, asko geratzen da oraindik”, antzekorik esango dizun norbait aldamenean izatea. Pauta horiek oso garrantzitsuak dira.

“Lesioa lezio bihurtu zait”

NOAUA! Zu elitera iritsi zinenean, ez genekien zer ziren Facebook edota Twitter. Sare sozialei begira bizi gara orain. Dimentsio publikoa duzuenok nabarituko zenuten aldea, ezta?

Imanol Agirretxe. Gauzak asko aldatu dira oso denbora gutxian. Lehen taldean debutatu eta gero, egun batzuetara, kazetari batzuk CD batean eman zizkidaten partidako irudiak. Oroigarri bezala. Pentsa zer nolako aldea dagoen. Orain, kalean edota kafe bat hartzen zaudela, baten batek eskuko telefonoarekin argazki bat atera eta segundu gutxira Twiterren zaude. Horretara egokitzen jakin behar da. Ni hori gabe hasi nintzenez, ez naiz sare sozialen erabiltzaile handia izan. Seguraski gauza negatibo gehiago ikusi dizkiodalako. Sentitzen diren gauzak egin behar dira baina sare sozialetako itxurakeria horretatik aparte. Kirolari bezala, nire burua horrela saldu beharrari ez diot zentzurik ikusi.

Hala ere, oso garrantzitsuak direla uste dut. Kazetaritzaren ikuspegitik adibidez, informatuta egoteko baliogarriak dira eta munduan edo kirolean zer pasa den jakiteko erabiltzen ditut.

“Ni horiek gabe hasi nintzenez, ez naiz sare sozialen erabiltzaile handia izan”

Egoa puzteko arriskua dute. Futbolean edota eguneroko bizitzan. Hori ere ondo kudeatzen jakin behar da.

Gutxi edo asko, denok dugu egoa. Asko bazabiltza hortan, ‘like’ horien menpe, erretiratzeko unea iristen denean are gehiago kostako da agurra digeritzea. Aparrean egon bazara, kolpea seguraski handiagoa izango da. Dena den, bakoitzak bere beharrak ditu eta batzuk horrela asetzen dira. Egoa horrela elikatzeak ordea, dependentzia asko sor ditzake.

 

Kirolari batzuk, erretiro garaian, protagonismoa galdu eta eguneroko martxari lotzeko zailtasunak izaten dituzte. Horren beldur al zara?

Beldurra ez baina esperientzia berri bat izango da eta aurre egin beharko zaio. Azken boladan fokuetatik kanpo denbora asko pasa dut. Lesioa lezio bihurtu zait. Denbora asko pasa dut lehen lerrotik aparte eta esango nuke une hauei aurre egiteko garaian lagungarria egin zaidala. Orain distantzia hartuko dudanez, nola sentitzen naizen probatu eta konprobatu nahi dut.

“Txikitan bizitakoa transmititu nahi diet nire alabei”

Hiriburura joateko aukera izan duzu baina Usurbilen bizitzea erabaki zenuen. Anonimoagoa zarelako hemen?

Bai, hori egia da. Baina iruditzen zitzaidan arrazoi asko nituela Usurbilen gelditzeko. Dena daukat: lagunak, familia, ilobak… Eta familia edukitzeko garaian, nik txikitan bizitakoa transmititu nahi nien nire alabei. Haurtzaro polita izan dut hemen eta nik orain hori bera eman nahi diet nire alabei.

Nire kirol ibilbideari dagokionez, oso eroso sentitu naiz herrian. Jende guztia ezagutzen dut hemen, babestua sentitzen naiz. Gainera, burbuila horretatik atera eta lasaitasuna eskertzen da. Hona etorri gara kafe bat hartzera (Donostian egina dago elkarrizketa) eta dagoeneko bost pertsona gerturatu dira. Kaffan ez zait inor etortzen. Lasai egoten naiz herrian eta lasaitasun hori eskertzen dut. Eta ojo, Donostia da munduko hiririk politenetakoa eta zorionez bost minutura dugu. Udan asko joaten gara baina urteko egunerokotasun horretarako, Usurbil baino leku hoberik ez dut ezagutzen.

 

Agirretxe Taldea Antxetan eratu zen, etxekoen babesean. Larunbatean, Saizarren egingo duzue agurreko afaria. Agirretxe Taldeak zer eman dizu?

Goi mailan zabiltzanean, zu animatzen eta bultzatzen ari direnak koadrilakoak edo gertukoak baldin badira, askoz bereziagoa da dena. Oso eskertuta egon naiz beti. Egin duten guztiagatik, jasotako babes guztiagatik eta nire ibilbide osoan ondoan egoteagatik.

Antxetan hasi ginen baina txikia geratu zitzaigun eta mugitzen hasi ginen, leku handiago baten bila. Larunbatean nire ibilbideari amaiera emango diogu Saizar sagardotegian. Antxetako lagunak ere badatoz. Denak elkarrekin egongo gara, beraz. Polita izango da etapa hau horrela ixtea. Hasi ginenetik hona gauza pila bat bizi izan ditugu elkarrekin, denak onak. Batera gozatu dugu eta niretzat horrelako babesa hain gertu sentitzea gauza handia da.

Larunbatean, agur afaria Saizarren

Agirretxe Taldeak agur afaria antolatu du larunbat honetarako. 21:00etan, Saizarren. Sagardotegiko menua,  33 euroren truke. Izena aurrez eman behar da, zenbaki hauetako batera deituta: 666 987 083 / 627 813 385.