Akelarreren azken kontzerturako sarrerak Usurbilen, Aginagan eta Orion salgai

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 14a, 19:20

Akelarre taldeak urriaren 6an Aginagan eskainiko duen kontzerturako sarrerak salgai jarri zituen Jai Batzordeak joan den larunbatean (irailak 8) Aginagako Eliza Zaharrean. Txartelak ez ziren agortu. Hasiera batean, emanaldi egunean bertan eskuragarri jartzekoak baziren ere, azkenean, jada hiru gune ezberdinetan erosteko moduan dira; Usurbilen, Aginagan eta Orion. Usurbilgo Aitzaga tabernan, Aginaga Sagardotegian eta Orioko Kolon Txiki tabernan. 12 euroren truke.

Urriaren 6rako kontzertu gaua antolatu dute Aginagako jaietan. Elektropapo talde usurbildarra hasiko da girotzen gaua, afalaurretik. Bokatak salgai jarriko dituzte, bertan mokadutxoa dastatu nahi dutenentzat. Eta gaueko 22:00etan hasita, Akelarre eta Dj. Bull, sarrera erosia dutenentzat. Gero, doan, Gozategi, eta Dj Bull eta DJ Elepunto goizaldera arte.

"Gure azken kontzertuaren eguna iritsi da"

"Azken data urriak 6! Akelarre azkeneko aldiz ikusteko aukera Aginako jaietan izango duzue. Animatu zaitezte eta sartu gurekin Akelarrera!", luzatu dute gonbita taldetik. Aginagakoa bai, azkena izango dela iragarri dute egunotan. 2017an itzuli ziren eta adostuak zituzten kontzertuak eskainita, zaletuei agurtzear da berriz Akelarre musika taldea. Agurrerako, Aginagako oholtza hautatu du taldeak. 

Agurtzeko ordua heldu dela adierazi dute. "Askok galdetu duzuen bezala, gure azken kontzertuaren eguna iritsi da. Urriaren 6an izango da Aginagako jaietan. 2017an egin beharrekoak egin ondoren, 2018an beste kontzertu gutxi batzuk egitea adostu genuen. Aginagan amaituko dugu gure 2017-2018 tour-a zuzeneko ibilbidea amaitutzat emanaz", iragarri dute. 

Agurrean, zaletu eta jarraitzaileak gogoan. "Mila esker jarraitzale, lagun, familia eta gure ondoan egon eta zaudeten guztioi, plazerra izan da zuen berotasuna berriro ere sentitzea, ez dugu inoiz ahaztuko egin diguzuen harrera! Aupa zuek eta gora Akelarre! Urriaren 6an Agiñan toperaaaaaa!", luzatu dute gonbita.

Akelarre Aginagako jaietan

Urriak 6, larunbata

19:00 Elektropapo Elektrotxaranga (bokatak salgai txosnan).

22:00 Dj Bull+Akelarre. Sarrera: 12 euro.

02:00 Gozategi. Irekia, doan.

04:00 Goizaldera arte, Dj Bull eta DJ Elepunto Eliza Zaharrean eta Karpan.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.