"Trakamatraka" ikuskizuna larunbatean Aginagan, Eskola Txikiaren egun handiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 14a, 08:23

Urrian ospatuko dituzten San Praixkuen atarian, haur zein helduei zuzendutako bi hitzordu deitu ditu Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak asteotarako. "Trakamatraka" ikuskizuna programatu dute larunbatean (irailak 15) eta Eskola Txikiaren bosgarren eguna irailaren 22rako.

“Trakamatraka” ikuskizuna haurrentzat larunbatean

Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak antolatuta larunbatean irailaren 15ean 17:00etan Aginagako ludotekan. Birziklatutako materialekin eginiko musika instrumentuekin kontzertu didaktikoa eskainiko zaie etxeko txikienei. Musika ulertzeko eta maitatzeko bide berri eta erakargarria eskaintzen dute denetariko instrumentuekin; jazz erritmodun mangerak, didgeridoo bihurtuko diren yogurt potoak, kriskitin konplejua daukaten maionesa tapa jotazaleak, erritmo afrikarrez beteriko kuboak, gorputzean itsatsirik geratzen den doinua fabrikatzen duten hodiak... Musika helarazteaz gain, “birziklatze-kontzientzia lantzen dugu. Gizarte honek baztertzen dituen gauzak eraldatu, eta zoragarriak diren musika-tresnak bihurtu ditugu”.

Aginagako Eskola Txikiaren Eguna irailaren 22an

Ikasturte berezia abiatu du Aginagako Eskolak. Gogoan izan, 2019ko Gipuzkoako Eskola Txikien jai eguna antolatu eta ospatuko dute bertan. Testuinguru honetan, baina lehenago, Aginagako Eskola Txikiaren Eguna deitu dute irailaren 22rako. Honatx bosgarren edizioak dakarrena:

Aginagako Eskola Txikiaren 5. Eguna

Irailak 22, larunbata

10:30 Umeentzat jolasak.

13:30 Bazkaria.

17:00 Antzerkia: “Txapela buruan eta dantza munduan”.

Ondoren, txokolatada.

Antolatzailea: Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.