Kantu Taldea asteroko entsegu saioetara itzuliko da gaur

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 17a, 10:45

Udako etenaldiaren ostean, astelehen honetan, irailaren 17an itzuliko dira Kantu Taldekoak haien jardunera. Astelehenero bilduko dira, 18:00-19:00 artean, Agerialdeko musika gelan. Gogoan izan, uda osteko lehen kantu jira, irailaren 29an 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuko da.

NEGUKO BARATZA PRESTATZEKO TAILERRA 

Irailaren 24rako iragarri dute, 18:00-19:30 artean Usurbilgo Baratze Parkean. "Iraila neguko baratza prestatzen hasteko garaia da eta Furgobaratzaren bisitarekin batera Baratze Parke desberdinetan, neguko baratza prestatzeko tailerra eskainiko dugu. Neguan baratza udan bezain polita eduki ahal izateko orain landatu daitezkeen barazkiak zeintzuk diren ikasiko dugu… betikoak eta baita berriak ere… horrela, neguan ere gure barazkiekin entsalada ederrak jango ditugu!”, iragarri dute antolatzaileek. Irekia izango den tailerrean parte hartzeko ez da izenik eman behar. Informazio gehiago: ekogunea.eus / ekogunea@ekogunea.eus/ 943 552 020.

HAURREN BERTSO-ESKOLA

Bota Punttubatik NOAUA!ri berri eman diotenez, urrian abiatuko da haurren bertso-eskolaren ikasturte berria, LH 2, 3 eta 4. mailako ikasleentzat. Saioak eguerditan izango dira, Udarregi Ikastolan, 13:30-14:30 artean. Urteko kuota, 65 euro. “Garaiz zaudete izena emateko”, gogorarazi dute Bota Punttubakoek. Inskripzioak bideratzeko deitu 608 768 539 (Josu) telefono zenbakira.

ESPERIENTZIA ESKOLA

55 urtetik gorako usurbildarrei zuzendutako doako hezkuntza eskaintzan izen emateko epea zabalik dago jada. Matrikulatzeko joan Gizarte Zerbitzuen egoitzara edo deitu 943 377 110 telefono zenbakira.

ETUMETA AEK EUSKALTEGIA

2017-18 ikasturterako matrikulazio epeak zabalik segitzen du Etumeta AEK euskaltegian. Euskara ikasteko maila guztiak, Mintzalagun, autoikaskuntza… Aukera zabala beraz. Izen emateko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00-13:00 artean eta 18:00-20:00 artean. Informazio gehiago:

Nagusia, 43

607 609 379

usurbil@aek.eus

aek.eus

muntteri.blogspot.com.es

OIARDO KIROLDEGIA

2018-19 denboraldirako ikastaro eskaintza prest du Oiardo Kiroldegiak. Igerileku txikia handitu eta irisgarri izateko egin beharreko lanak tarteko, uretako ikastaroak martxoa aldera jarriko dira martxan. Gainerakoak ohi bezala, ikasturte hasiera honetan; spinning, pilates, zumba, jumpfit, body fit, GAP, mantentze gimnasia, hipopresiboak, yoga, yoga-mindfullness, gaztetxo nahiz helduentzako eskalada, gimnasioa…  Izen ematea zabalik dago. Bestalde, hilaren 17tik 21era ikastaroetan proba egin ahal izateko ate irekien saioak antolatu dituzte. Informazio gehiago: Kiroldegian / kirola@usurbil.eus/ 943 37 24 98.

TXIMELETA TALDEA

Irailean zehar gimnastika erritmikoa astearte eta ostegunetan egingo da, 16:45-17:45 artean eta ostiraletan ordu berean, hip-hop. Izen ematea zabalik dago: 943 11 63 42 edo info@tximeleta.eus

KZGUNEA

Irailaren 3az geroztik, hilabete amaierara arte zabalik izango da Kzgunea goizez, 09:00-13:00 artean. Honatx asteotan eskainiko diren ikastaroak:

-Irailak 18-26, 09:00-11:00 “Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi”.

-Irailak 27-28, 09:00-11:00 “Bapateko mezularitza zure Smartphone bidez”.

-Irailak 28, 11:00-13:00 “Sasoi ona lortu azken kirol aplikazioetan”.

Informazio gehiago: 943 023 684 / tutor.usurbil@kzgunea.net/ kzgunea.eus