Irailaren 24an hasiko dira Oiardo Kiroldegiko igerileku txikia handitzen

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 18a, 09:20

Usurbilgo Udalak, Udalberri aldizkariaren bidez iragarri duenez, irailaren 24an hastekoak dituzte Oiardo Kiroldegiko igerileku txikia handitu, irisgarri bihurtu eta azpiko instalakuntzak berritzeko lanak. Mariezcurrena enpresak egingo dituen lanotara 767.642,76 euroko inbertsioa bideratuko du Udalak. 2018ko aurrekontuetako inbertsio nagusia izango da. Lanok iraun artean, martxo ingurura arte itxita egongo da igerilekua, “ondorioz, Udalak %20ko konpentsazioa aplikatu die aurten Kiroldegiko abonatuei”.

Bigarren lehiaketaren ostean

Aurreikusi moduan uztailean ez, irailean abiatuko dituztela berri eman dute Udaletik. “Lanak esleitzeko beste lehiaketa bat egin behar izan da, eta horrek atzeratu egin du prozesu osoa”, berri eman du Udalak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du egitasmo honek. “Igerilekura sartzeko koxka kendu egingo da, muga handia baita elbarritasun bat dutenentzat, eta igerileku handiaren maila berean jarriko da; eta, beste alde batetik, Kiroldegiko sarrerari zati bat kenduta, handitu egingo da nabarmen. Halaber, lan horiek baliatuko dira, ikusten ez den eta igerilekuaren azpian dauden instalakuntza guztiak berritzeko (tuberiak, kalderak, berogailuak…). Premia handia dute horretarako”, ohartarazi dute Udaletik.

Obren atzeratzeak ez du abonuetan eragingo. “Obrak beranduago hasiko badira ere, horrek ez du eraginik izango abonuetan, eta urte hasieran esan bezala, %20ko konpentsazioa berdin-berdin aplikatuko die Udalak Kiroldegiko abonatuei”.