Bueltan datorkigu Sagastiak Loretan. Oraingoan udaberrian ez, udazken hasieran baizik eta "Usurbil, sagarraren bihotza, sagardoaren kultura" egitasmo zabalagoaren baitan.
Marka berri bat baino gehiago da hain zuzen irailaren 6an Potxoenean aurkeztu zutena. "Usurbil, sagarraren bihotza, sagardoaren kultura", orain arte eremu honetan herrian egin den lana, sektoreko eragile eta ekintza solteak josi, bateratu, eragileak bateratu, koordinatu eta indarberritzera datorren egitasmoa dugu.
Horren lekuko, udazkenerako iragarri duten egitarau oparoa. Hasteko, 6. Sagastiak Loretan! Eta ziklo honen baitako lehen hitzordua igandean; bertso ibilaldia sagastietan barrena, hipodromotik abiatuta:
6. SAGASTIAK LORETAN
Irailak 23, igandea
11:00 Bertso Ibilaldia Zubietako hipodromotik.
Zehaztasunak: "Usurbil eta Zubieta inguruan ibilbidea, sagastiak ezagutuz Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolarien eskutik. Ondoren, mokadua Iruin Sagardotegian".
Irailak 24-30, astelehenetik igandera
Sagar erakusketa iraunkorra Sutegiren erakusleihoan.
Zehaztasunak: "Sagardotarako erabiltzen ditugun 115 barietateren artean aukeraketa ikusgai".
Irailak 25, asteartea
19:30 Hitzaldia Sutegiko auditorioan: "Usurbil eta Sagardoaren historia".
Zehaztasunak: "Usurbil eta Sagardoaren historiari buruzko hitzaldia Xabier Alberdi historialariaren eskutik. Usurbilgo herriari izaera ematen dion edaria da Sagardoa. Historia ezagutu nahi?".
Irailak 26, asteazkena
19:30 Sagar dastatzea Sutegin.
Zehaztasunak: "Jakoba Errekondo eta Gabriel Durrutyren eskutik sagar dastatzea egingo da. Sagardotarako sagarren ezaugarriak ezagutu ahal izango ditugu, euskal sagar barietateen nondik norakoak azalduz".
Irailak 27, osteguna
19:30 "Sagarrari sukaldea dario" saioa Aitzaga Elkartean.
Zehaztasunak: "Dani Lasa, sukaldari ikertzailearen eskutik. Zuztarretik hazietaraino, sagarrak makina bat aukera eskaini diezaizkiguke sukaldean. Fruitua, ozpina edo sagardoa bera, osagai erakargarriak dira platera gozo zein gaziei gure lurraren nortasuna kutsa dakiegun. Errezeta eta ideien errepaso praktikoa egiteko aukera".
Irailak 28, ostirala
19:30 "Sagardoa bidegile" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
Zehaztasunak: "Urtean lau hilabetez, urtarriletik apirilera, euskal sagardotegiek milaka pertsona erakartzen dituzte, bertokoak zein kanpokoak. Tradizioa bete nahi dute denek: tortilla, bakailaoa, txuleta eta gazta jatea, eta txotxera deitzen duen ahotsa entzundakoan sagardoa edatea. Tradizio modernoa da hau, baina erro sakonak ditu. Dokumentalak bidaia moduan azalduko digu tradizio hau: ibilbide geografiko, kultural, teknologiko eta gastronomikoa izango da, ezustekoz betea".
Irailak 29, larunbata
20:00 Euskal Herriko 4. Sagardo Txapelketa herrikoiaren finala Usurbilgo frontoian.
Zehaztasunak: "Usurbilgo herria eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik. Afalduz, Euskal Herriko beste herrietan sailkatu diren 12 sagardo dastatuko dituzu, eta norberaren iritziaren arabera erabakiko da zein den aurtengo txapelduna. Txartelak salgai jarriko dira abuztuaren azken astetik aurrera Usurbilgo ohiko lekuetan eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean: info@sagardoa.eus - 943 336 811
Egitasmoaren sustatzaileak: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba; NOAUA! K.E.; Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak; Sagardoa Route, gure jatorria; Sagardoaren Unibertsitatea; Usurbilgo Udala.