Herritik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean urrunduak dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoaren errealitatea plazaratu eta elkartasuna adierazteko ekitaldi zikloa antolatu dute Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta herriko gazte mugimenduak.
"Herria Xutan" ziklo honen baitan, larunbatera arte (irailak 22) Sutegin bisitatu ahalko duzuen "Motxila etorkizunez bete", Euskal Herrian barrena dabilen erakusketa. Gurasoren bat espetxean duten haurren errealitatea plazaratu asmo du Sare Herritarrak sustaturiko egitasmo honek. Haur eta nerabeon hitz eta sentipenak islatzen ditu erakusketak, lekukotzak, espetxean den guraso eta haurraren telefono deia, bisitak nolakoak diren irudikatzen dituen gunea ere badu, kolektibo hau ezin egokiago irudikatu duten motxilak zintzilik...
Esandakoa, larunbatera arte ikusgai duzue aipatu erakusketa Sutegin. Gai bera ardatz hartuta bestalde, mahai-ingurua antolatu dute ostegunerako kultur etxeko auditorioan:
“Herria Xutan”
Irailak 17-22, astelehenetik larunbatera
"Motxila etorkizunez bete" erakusketa Sutegin. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:30-20:30 /larunbatean 12:00-13:30.
Irailak 20, osteguna
19:00 Mahai-ingurua, Sutegiko auditoriumean. Hizlariak: “Motxiladun” gazte bat, abokatu bat eta Sara Majarenas preso ohia.
Irailak 28, ostirala
20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo gazteak.