Bestelako Euskal Herria amesten duten herritar eta herri mugimenduan topalekuan bilakatuko da Zubieta asteburuan, Lurralde Askea kolektiboak antolatu duen Iraultza Txikien Kanpaldiari esker. Bertaratzen direnek elkarrekin hausnartu, konspiratu, alternatibak praktikan jarri, konplizitateak eraiki edota egin daitekeena irudikatzeko eremuan.
Zubietakoa, “eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia”. Egitarau oparoa osatu dute. “Interesa dutenentzat, denoi eragiten diguten eta patxadaz lantzeko aukera gutxi izaten dugun gaiez hausnartzeko zortzi saio antolatu ditugu, luxuzko hizlari eta eragileekin”, iragarri dute antolatzaileek.
Gipuzkoa Zutik mugimenduak iganderako antolaturiko buzo zurien martxak borobilduko du asteburua, erakundeetatik erraustegia gelditu zutenei, ekitaldi bidez aitortza publikoa egin ostean. Usurbilen elkarrekin joateko hitzordua finkatu du Erraustegiaren Aurkako Taldeak. Bestela, garraio publikoa baliatzeko deia egin dute.
Adin tarte guztietako herritarrei zuzenduriko kanpaldia izango da. Haur jolasak, kontzertu eta ikuskizunak antolatu dituzte. Elikadura burujabetza ipar duen herri jantokia, prezio herrikoiekin. Hizkuntzari dagokionez, “euskara izango da hizkuntza lehenetsia, eta saio guztietan itzulpengintza bermatuta izango dugu euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, bakoitzak erosoen duen hizkuntzan hitz egin dezakeela bermatzeko”.
Elkarlanean
48 orduko kanpaldia izango da. Horregatik, “dei egiten dugu lotarako zakua, kanpina, musika tresnak eta bizipoza ekartzera. Esan bezala, kanpaldia Zubieta herrian bertan izango da eta belardiak antolatuko ditugu lo egiteko kanpingak jartzeko. Furgonetetan zatoztenontzat, aparkaleku berezi bat prestatuko dugu. Dutxak eta abar ere izango ditugu”, ohartarazi dute.
Elkarlanean antolatu du kanpaldia Lurralde Askea kolektiboak, lagun gehiagorekin batera. “Lurralde Askea kolektiboak sinatzen du, Ongi Bizitzearen euskal errepublika ipar duten lagunen kolektibo txikia. Konpromisoetan oinarritutako desobedientzia zibila eta ohiturei desobedientzia planteatzen dugu bide bezala. Hala ere, argi utzi behar dugu kolektibo txikia dela, kanpaldiak eskatzen duen lana aurrera ateratzeko txikiegia nabarmen. Hain zuzen ere, Lurralde Askeak sinatzen du baina herrigintzako beste esparru askotan lanean ari diren lagun askorekin batera elkarlanean ari gara prestatzen kanpaldia”.
Bertaratzeko gonbita luzatu dute. “Euskal Herri osoko herritar eta herri mugimenduei dei egiten diegu bertaratzera eta asteburu zoragarri bat pasatzera. Bertan konplizitateak eraiki, elkarrekin hausnartu eta konspiratu, egin dezakeguna irudikatu eta alternatibak praktikan jarriko ditugu. Hala ere, batez ere, adin guztietako herritarrok gozatu egin nahi dugu elkarren konpainian”.