Erraustegiaren aurkako aldarria, Guggenheim atariraino helduko da gaur

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 19a, 06:27

Erraustegiaren aurkako aldarria Gipuzkoatik irtengo da oraingoan, Bizkaiko hiriburuko museo ezagunenaren atariraino helduko da. Elkarretaratzea deitu dute Zero Zabor Bizkaian Elkarguneak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak, asteazken honetarako (irailak 19) 20:00etan. Bilboko Guggenheim museoaren atarian. "Erraustea ez da ekonomia zirkularra" aldarripean mobilizatzera deitu diete herritarrei. 

Ez dute kasualitatez hautatu ez eguna, ez elkarretaratzea antolatzeko lekua eta ordua ere. Irailaren 20an eta 21ean hain zuzen, erraustegiak sustatzen dituzten enpresen Europako konfederazioak (CEWEP) kongresua egingo du Bilboko Euskalduna Jauregian. Hainbat gai hartuko dituzte ahotan: ekonomia zirkularra, sektoreko berrikuntzak, hondakinen kudeaketari lotutako Europako politika eta teknologia berriak, erraustegia energia iturri gisa aztertuko dute....

Baina hizpide nagusi bat izango dute ardatz; hondakinak errausteak ekonomia zirkularrari zer nolako ekarpena egin diezaiokeen. Kongresua, Europatik hondakinak kudeatzeko hierarkian, erraustea azken aukera gisa finkatua duen garai honetan ospatuko da. Sektoreko kide, enpresari, Administrazioko ordezkariak eta unibertsitate zein enpresa munduko ordezkariak bilduko dituen hitzordu honen baitan, Zabalgarbiko erraustegia bisitatzekoak dira kongresu kideak ostiralean.

Hildako bat eta lau zauritu Belgikako erraustegian

Europa mailako kongresu honen bezperatan, Argia-k berri eman duenez, Belgikako Stabroek hirian Indaver konpainiak kudeatzen duen erraustegian leherketa izan zen duela astebete. Langile bat hil eta lagun lagun zauritu zituen leherketak, kamioi bat hondakinak husten ari zenean. Kamioiko langilea da hil zena. Leherketaren ostean, erraustegiko langile guztiak ebakuatu behar izan zituzten. Bi urteetan gertatu den bigarren leherketa da honakoa. 2016an, konpainia bereko erraustegian leherketa ikusgarria izan zen. Gogoan izango duzue, sare sozialetan zabaldu zen ondoko irudi honengatik: