Gai hauei buruz zeresana duten hiru lagun gonbidatu ditu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta eta herriko gazte mugimenduak gaur (irailak 20) 19:00etan Sutegin iragarri duten mahai-ingurura. "Motxiladun" gazte bat; gurasoren bat edo biak espetxean dituen haur eta gazteen, "Motxiladun haurren" kolektiboko kide bat alegia. Bestetik, abokatu bat, eta azkenik, Sara Majarenas preso ohia.
Gogoan izan, Majarenas Valentziako Picassent espetxean zela, berarekin bizi zen bi urteko alaba Izar labankadaz larriki zauritu zuen bere aitak. Mobilizazio eta ekimen mordoa egin zen, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak zituen Sara eta Izarren etxeratzea eskatzeko. Gerora, Auzitegi Nazionalak bigarren gradua aitortu eta Madrileko harrera zentro batera eraman zituzten ama alabak. Aurtengo apirilean itzuli ahal izan zuten, sorterrira, Donostiara, Majarenasek 13 urtetik gorako espetxe zigor osoa bete ostean.
Elkartasun ekimenak
Majarenas egondako espetxe berean segitzen dute Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herriko presoek, eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoak; sorterritik 600 kilometrora urrunduak. Bizi duten errealitatea plazaratu eta haiei elkartasuna adierazteko antolatu dute hain zuzen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta Usurbilgo gazte mugimenduak, gaurko mahai-ingurua eta abian den "Herria Xutan" ekitaldi zikloa.
"Motxila etorkizunez bete" erakusketa
"Herria Xutan" ziklo honen baitan, larunbatera arte (irailak 22) Sutegin bisitatu ahalko duzuen "Motxila etorkizunez bete", Euskal Herrian barrena dabilen erakusketa. Gurasoren bat espetxean duten haurren errealitatea plazaratu asmo du Sare Herritarrak sustaturiko egitasmo honek. Haur eta nerabeon hitz eta sentipenak islatzen ditu erakusketak, lekukotzak, espetxean den guraso eta haurraren telefono deia, bisitak nolakoak diren irudikatzen dituen gunea ere badu, kolektibo hau ezin egokiago irudikatu duten motxilak zintzilik...
“Herria Xutan”
Irailak 17-22, astelehenetik larunbatera
"Motxila etorkizunez bete" erakusketa Sutegin. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:30-20:30 /larunbatean 12:00-13:30.
Irailak 20, osteguna
19:00 Mahai-ingurua, Sutegiko auditoriumean. Hizlariak: “Motxiladun” gazte bat, abokatu bat eta Sara Majarenas preso ohia.
Irailak 28, ostirala
20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo gazteak.