Gaurkoz Donostiako Udalak duen asmoa da, momentuz erabaki irmorik ez da, baina hiriburuko Udalak Zubietako Eskuzaitzetara lekuz aldatu nahi du Loiolako militarren kuartela. Hala proposatu zion hilabete hasieran Eneko Goia alkateak Espainiako Gobernuari, Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesekin izan zuen bilkuran. Alegia, Zubietara lekuz aldatzea, orain arte Loiolan kokatua zegoen militarren kuartela. Donostiako Udalaren helburua, egun aipatu kuartelak okupatzen duen lur eremua berreskuratzea litzateke.
Kuartelaren balizko leku aldaketa honen gaia, datorren astearterako (irailak 25) deitua dagoen udalbatzarraren osoko ohiko bilkurara eramango du Usurbilgo EHBilduk. Kontu honi lotutako mozioa aurkeztuko dute, udal ordezkarien artean eztabaidatu eta bozkatua izan dadin. Kuartelaren leku aldaketari uko egitea eskatzen dio mozioak Donostiako Udalari eta eztabaidaren muinari heltzea. Alegia, "nola lortu Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa". Kuartela eta inguruetan aurreikusiak dauden gainerako proiektuak bertan behera utzi eta zubietarrak bakean uztea, "zubietarren etorkizuna zubietarren esku uztea" galdegiten du mozioak, eskualdearen iritzia aintzat hartzeko deia egitearekin batera.
Makrokartzelarik ez
Loiolako militarren kuartela honenbestez, erraustegia eraikitzen ari diren eremutik ehunka metro gutxira kokatu nahi luke Donostiako Udalak. Makrokartzela ere eremu berean, Eskuzaitzetan eraikitzekoak ziren arren, gogoan izan, abuztu hasieran zabaldu zenez, azkenean ez da tamaina horretako espetxerik eraikiko. Horren ordez, Martutenen diren hirugarren graduko presoentzako gizarteratze zentro bat eraikitzeko asmoa dago.
UDALBATZARRAREN OSOKO BILKURA
Eguna: irailak 25, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1.- 2018/05/29ko ohiko bilkurako aktaren onespena.
2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2018ko uztailaren 9tik irailaren 14ra (2018/0793-2018/1076).
3.- HAASetako A-78 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala sustatzeko Michelin España y Portugal S.A., Gureak Lanean S.A., Elkarlanean Fundazioa eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko Hirigintza Hitzarmena behin betiko izaeraz onartzea.
4.- Mozioa: Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatu nahi dutela-eta. Mozioa osorik hemen: kuartela
5.- Galdera-eskaerak.