Zubietako kanpaldian eta igandeko martxan parte hartzera deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 21a, 11:55

Gogoan izan, asteburuan Lurralde Askea Kolektiboak beste hainbat lagunekin batera Iraultza Txikien Kanpaldia antolatu dute Zubietan. Amaieran, erraustegia geratu zaienei aitortza ekitaldia egingo zaie irailaren 23an 16:00etan. Eta segidan, errausketaren zero gunera, erraustegia eraikitzen ari diren eremura martxa antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ekimen guztiokin bat egin eta herritarrak parte hartzera deitu ditu. "Ondorengo kolektiboek osatzen dugu Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: Hernanin Zero Zabor, Lasarteko Aire Garbia, Andoaingo Ipar Haizea, Usurbil Zero Zabor, Donostia Bizirik! eta Gipuzkoa Zutik".

Iragarri dutenez, "asteburu osoan zehar Iraultza Txikien Akanpada egingo dugu Zubieta herrian Lurralde Askea mugimenduak deituta. Bertan bestelako Euskal Herri bat amesten dugun herritar eta herri mugimenduak batuko gara, programa eder bat eta elkarren konpainiaz gozatzeko. Herri mugimendu gisa, guk ere gogoetarako baditugu gaiak. Horrez gain, Euskal Herri osoko jendearen topagune izango denez, eskertu nahi dugu hau Zubietan egitea aukeratu izana, erraustegiaren aurkako borrokari ikusgarritasuna emanez".

Aitortza erraustegia geratu zutenei

Igandean (irailaren 23an 16:00etan) borobilduko da kanpaldia, erraustegia geratu zutenei aitortza ekitaldia eginez. "Helburua izango da balioan jartzea orain urte batzuk erakundeetan pertsona batzuek egin zuten lan ona. Erakutsi zuten multinazional eta bankariei aurre eginez, herritarren mesede diren erabakiak ere har daitezkeela. Orain gainera, erraustegia gelditu zuten bi pertsona gogor zigortu nahi dituzte (Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin) eta babesa adierazteko baliatuko dugu", iragarri dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.

Segidan, aipatu moduan, erraustegia eraikitzen ari diren eremura martxa antolatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak. "Ekimen jendetsua izango da eta baliatuko dugu agintariei argi uzteko herritarrok ez dugula halako azpiegitura kutsakor eta bihozgaberik onartuko", ohartarazi dute.

Usurbildik elkarrekin joateko deia

Zubietako ekimen guztiokin bat egin dutenen artean da baita, Usurbilgo Errausketaren Aurkako Taldea. Igande arratsaldeko hitzorduetara elkarrekin joateko gonbita luzatu dute. "Usurbildarrok igandeko martxara! Horretarako arratsaldeko 15:15ean Mikel Laboa plazan elkartuko gara Zubietara batera hurbildu eta martxan parte hartzeko. Gogoratu zuen mozorroak, txilipituak, banderolak... ekartzea! Bertan ikusiko gara", luzatzen diete gonbita herritarrei.

Usurbilen bezala, herritar zutabeak abiatuko dira inguruko beste hainbat herrietatik. Hainbat hitzordu finkatu dira, Irunen, Oiartzunen, Errenterian, Pasaian, Donostian, Lasarten eta Andoainen. "Herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte hartzera. Herritarron artean ez duela inolako zilegitasunik erakustea oso garrantzitsua da. Erabat demostratuta dago alternatiba hobeak badirela, askoz gehiago birziklatzeko, askoz merkeagoak, eta ekonomiari eta ingurugiroari halako sarraskiak ekiditeko modukoak", gogorarazi dute.

Obrak gertutik ikusteko aukera

Erraustegiko lanak aurreratuak dituztela ikusteko aukera egongo da irailaren 23an. Gogoan izan, jada eremu horretan kokatzea aurreikusiak dauden azpiegiturak eraikitzeko lanen bigarren fasea abiatzekoak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko uda parterako amaituta nahi ditu lanok.

Martxa jendetsua iaz

Ez da Gipuzkoa Zutik mugimenduak erraustegira martxan antolatzen duen lehen aldia. Iazko maiatzean, Zubietan egin zen Erraustegiaren Aurkako Egunaren baitan martxa antolatu zen baita eremu horretara.

Jende askoren bizitzak inguratu zuen guztion osasuna, poltsikoak, eta ingurumena kaltetuko dituen Zubietako erraustegi eta makrokartzela eraikitzen ari diren zonaldea. Herri gunetik abiaturiko martxa antolatu zuen Gipuzkoa Zutikek, zulatua dagoen Zubieta gainera. Hitzordurako buzo zuriak jantzita errausketaren aurkako aldarria zero gunera bertara helarazi zuten. 

Argazkiak

Erraustegia eta makrokartzela eraiki nahi dituzten eremura martxa

Erraustegiaren Aurkako Eguna Zubietan

Bideoak

 

https://youtu.be/CKcComlpsbg

https://youtu.be/TC-eR28akcc

https://youtu.be/bLXhD1zkOPA

https://youtu.be/K9GlNtgV-rg