Motxiladun haur eta gazteen errealitatea ezagutzeko erakusketa Sutegin larunbatera arte

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 21a, 10:44

Ostegun arratsaldean Sutegin izan zen solasaldiko irudia duzue ondokoa. Argazkian Onintza Ostolaza abokatua, motxiladun haurra izandako Oinatz Amilibia eta Sara Majarenas preso ohia, Manex Zubiria herritarrak bideratu zuen mahai inguruan. Presoak, haien eta senideen eskubideak, egungo egoeraz eta motxiladun haur eta gazteez aritu ziren, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta herriko gazte mugimenduak elkarlanean antolatu duten "Herria Xutan" ekimen zikloaren baitan.

Gogoan izan, ziklo honen bidez, sorterritik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean dituzten Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoaren errealitatea plazaratu nahi dela. Errealitate hau lehen pertsonan bizi izan zuen Sara Majarenasek eta Izarrek. Olatz Lasagabasterren alboan hain zuzen. Espetxe berean izan baitziren.

Bere lekukotza latz eta hunkigarria hurbiletik entzuteko parada izan zuten atzo Sutegira bertaraturikoek. Baita Onintza Ostolaza abokatuaren argibide interesgarrien berri jasotzekoa edota motxiladun haurra izandako Oinatz Amilibia zarauztarraren bizipen eta sentipenak ezagutzekoa ere.

Gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten "motxiladun" haurrei buruz ari garela, ez ahaztu; larunbatera arte gai hau ardatz duen erakusketa bisita dezakezue Sutegin.

“Herria Xutan”

Irailak 17-22, astelehenetik larunbatera

"Motxila etorkizunez bete" erakusketa Sutegin. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:30-20:30 /larunbatean 12:00-13:30.

Irailak 28, ostirala

20:00 Azken ostiraleko elkarretaratze berezia Mikel Laboa plazan.

Urriak 20, larunbata

17:00 "Orain presoak" manifestazioa Donostian, Antiguako tuneletik. Deitzailea: Sare.

Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo gazteak.