Erraustegia geratu eta alternatibak martxan jarritako ordezkari politikoak eskertu dituzte

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 23a, 19:04

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gipuzkoa Zutik mugimenduak erraustegira antolatu duen buzo zurien martxaren aurretik, omenaldi beroa jaso dute, bere garaian erraustegia geratu eta alternatibak martxan jarri zituzten udal nahiz Foru Aldundiko ordezkari ohi hainbatek. Aitortza ekitaldi txalotua izan da benetan.

Errausketaren aurka lanean dabiltzan herri mugimenduek, Usurbil, Hernani, Oiartzun edo Antzuola bezalako udalerriek hondakinak erraustearen aurrean, alternatibak martxan jartzeko eginiko lan itzela zoriondu eta eskertu diete. Oholtza gainean ziren, Xabier Mikel Errekondo eta Marian Beitalarrangoitia, Usurbil eta Hernaniko alkate ohiak hurrenez hurren, baita Enrike Lekuona eta Joxe Mari Iturbe, Antzuola eta Oiartzungo zinegotzi ohiak ere. Eta haiekin batera, San Marko Mankomunitateko agintari ohi Rikardo Ortega eta Imanol Azpirotz, Lasarte-Oria eta Usurbilgo zinegotzi ohiak hurrenez hurren.

2011-15 legealdian hondakinen kudeaketaren ardura hartu eta aitortza ekitaldian zioten moduan, Gipuzkoako gizarteak eskatutakoa bururaino eraman eta Zubietako erraustegia geratu izangatik, publikoki eskertu zaie baita legealdi hartan jardunean aritu ziren Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkini eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietari. 

Gogoan izan, erraustegia geratzeagatik bi ordezkari politikook epaitu zituztela udaberrian, epaiaren zain dira. Ekitaldian zioten moduan, "garai gogorrak bizi ditugu". Eta horregatik nabarmendu nahi izan dute, "ez ditugu ahaztuko gaur omentzen ditugun pertsonak eta beste askok kargu publikoetatik egindako lanak. Gizon eta emakume hauek erakutsi dute politikari guztiak ez direla berdinak, posible dela herritarrei gizartea aldatu eta hobetzeko emandako hitza betetzea, konpromisoak betetzea nahiz eta presio oso gogorrak jasan. Milesker zuei! Gipuzkoako jendartearen onena eta esker ona merezi duzue, milesker!", helarazi diote, txalo artean oholtza gainean bildu duten lagun taldeari. 

Ainhoa Intxaurrandieta: "Erraustegia berriro ere geldituko dugu"

Jasotako babes eta begiruneagatik eskertua agertu zen aitortza ekitaldiko protagonistetako bat, GHK-ren lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta, "urteotan jasotako babes eta begirunea" dela eta. "Gogorra izaten ari da, baina zuen babesarekin tinko eta aurrera egingo dugu zalantzarik gabe". Mezu bat ere helarazi nahi izan die Iñaki Errazkin eta berak bizi duten egoeran jarri dituztenei. "Soldatak enbargatuko dizkiguzue, behar bada etxea ere kenduko diguzue, etorkizuna lapurtu nahi diguzue. Baina egindakoarekin harro, harro gaude".

Egoera latza dela, une gogorrak bizi ditugula adierazi zuen, baina argi zioen, "badakigu zeintzuk ditugun aurrean". Eta zioenez, "badakigu, antolatuz gero, tinko eta ozen ezetz esaten eta oraindik gure esku dago mehatxu hau geratzea. Beti esaten dugun moduan, ez Zubietan, ez inon". Hainbatetan frogatu bezala, herritarrok nahi badugu egin dezakegula nabarmendu du, eta ardura ere badugula, "ezin diegu egiten utzi". Argi zioen, "borroka egin dezagun gugatik eta gure ondorengoengatik".

2013an erraustegia geratzea lortu bazen, "berriro ere geldituko dugu, gure amonen etxeak iraunen du zutik, gora Zubieta!" adierazi die ekitaldira bertaraturikoei.

Zubietarekin lotura estua

Amona sortzez zubietarra zuen Ainhoak. Lotura berezia du beraz Zubietarekin. Lezo kutsaturiko gune bat izanik, amonak bere aita txikia zela Zubietara eramaten zuela uda igarotzera oroitu du, "Zubieta aire garbia arnasteko arnasgune bat zelako". Berak zioenez, "nire amonaren etxea gune natural bat da. Aire garbia arnasteko arnasgunea. Natura, errespetua, ingurumena. Amonaren etxea amalurra da, gu guztion amonen etxea".

 Albiste honi atxikitako bideoan duzue osorik, aipatu aitortza ekitaldia.