Euskal Herriko 4. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala larunbatean Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 25a, 10:26

Udazkenera atzeratu duten Usurbilgo 6. Sagastiak Loretan zikloa nazio mailako hitzordu batek borobilduko du aurtengoan; Euskal Herriko 4. Sagardo Txapelketa herrikoiak.   

Herriak, sagardo zaleek izango dute hitza eta erabakia irailaren 29an frontoian ospatuko den afarian. Jada laugarren ediziora heldu eta finalaurrekoen fase betean den ekimen honekin garai bateko ohitura indartzen ari da ilusio handiz Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea. “1967tik aurrera zenbait txapelketa herrikoi antolatu baitzituen orduko sagardogileen elkarteak, herri desberdinekin elkarlanean, eta sare hori berreskuratzea da asmoa. 2015eko txapelketa lehen harria izan zen, eta ordutik sistema hobetuz eta herri zein herritar desberdinak sagardoaren inguruan elkartuz lanean dihardugu”.

Txapelketaren izaera herrikoia azpimarratu beharra dago. Azken hitza saioetara afaltzera doazen herritarrek izaten baitute. Saio guztiotan bertaraturiko herritarrak aritzen dira epaile lanetan.“Euskal Herriko Sagardotegietako sagardoak afaltzera inguratzen diren guztien artean dastatu eta puntuatuko dira”.

Guztira, 19 herrietako 41 sagardotegi ari dira lehiatzen. Afaltiarrek otordua dastatzen hasi orduko sagardoa mahaira zerbitzatzen hasiko zaie eta “jendeak lote bakoitza puntuatu behar izango du 5-10 tartean, momentuan iruditzen zaionaren arabera”. 

Bertako produktudun afaria

Edariarekin batera, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Basatxerrik eta Lurlan Elkarteak duten elkarlanerako proiektuan oinarrituta, bertako produktuekin sukaldaturiko afaria dastatu ahalko dute. “Sagardoarekin egoki ezkontzen diren plater desberdinak”, antolakuntzaren esanetan.

Azken unera arte, finala igaro arte sekretupean joango da guztia. “Ez da jakingo zein sagardotegietako sagardoa dastatzen ari diren mahaikideak. Finalaurreko bakoitzeko lehen bi puntuazio altuenak dituzten sagardotegiak automatikoki pasako dira finalera, eta gainontzeko sagardoak puntuazioaren arabera, hurrenez hurren. Finalaren ondoren bakarrik jakingo da finalistak zein izan diren eta zein puntuazio lortu dituzten”, antolatzaileek iragarri dutenez.

Txapelketan parte hartzera animatzen dute. “Afaltzera eseri eta mahaira ateratzen duten sagardoari zure gustuen arabera 5-10 tarteko puntuazioa ematea, ez beste! Beraz, sagardoak dastatzea eta ongi jatea gustuko baduzu, hau da zure txapelketa!”.

Final handia Usurbilen

Eguna: irailak 29, larunbata.

Ordua: 20:00.

Tokia: frontoia.

Bertako produktuekin sukaldaturiko menua:

-Basatxerri lontxeatua: basatxerri urdaiazpikoa eta txorizkoa.

-Entsalada: letxuga, tomatea, tipulina, oilaskoa eta arrautza egosia.

-Ajoarrieroa: bakailao ajoarrieroa tenperatura baxuan egositako arrautzarekin.

-Txuleta: txuleta parrillan erreta.

-Postrea: Idiazabal gazta sagar dultzearekin.

Prezioa:32 euro.

Txartelak:irailaren 28ra arte salgai, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (info@sagardoa.eus - 943 336 811). Baita Usurbilgo Txiriboga, Bordatxo, Alkartasuna, Artzabal eta Zubietako Astiazaranen.

19 herrietako 41 sagardotegi lehian

1-Aburuza (Aduna)

2-Aginaga (Usurbil).

3-Akarregi (Hernani).

4-Alberro (Hernani).

5-Alorrenea (Astigarraga).

6-Añota (Azpeitia).

7-Araeta (Zubieta).

8-Astarbe (Astigarraga).

9-Astiazaran (Zubieta).

10-Beltzenia (Urruña).

11-Bereziartua (Astigarraga).

12-Calonge (Igeldo).

13-Eguzkitza (Tolosa).

14-Elutxeta (Urnieta).

15-Etxeberria (Astigarraga).

16-Eula (Urnieta).

17-Gaztañaga (Andoain).

18-Goikoetxea (Lizartza).

19-Iparragirre (Hernani).

20-Irigoien-Herrero (Astigarraga).

21-Itxas Buru (Hernani).

22-Izeta (Aia).

23-Larrarte (Astigarraga).

24-Larre Gain (Hernani).

25-Lizeaga (Astigarraga).

26-Oianume (Urnieta).

27-Oiarbide (Astigarraga).

28-Oiharte (Zerain).

29-Ola (Irun).

30-Olagi (Altzaga).

31-Ordo-Zelai (Oiartzun).

32-Otsua-enea (Hernani).

33-Petritegi (Astigarraga).

34-Rezola (Astigarraga).

35-Rufino (Hernani).

36-Satxota (Aia).

37-Setien (Urnieta).

38-Tximista (Ordizia).

39-Urdaira (Usurbil).

40-Uxarte (Zornotza).

41-Zabala (Aduna).