Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzearen aurka agertu da udalbatza

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 26a, 16:51

Donostiako Udalak Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzeko Espainiako Gobernuari eginiko eskaeraren aurka agertu zen udalbatza asteartean egin zuten osoko bilkuran. Gai honi lotutako mozioa aurkeztu zuen EHBilduk. Mozio honen alde bozkatu zuten bakarrak gobernu taldeko kideak izan ziren. EAJ-ko ordezkariak abstenitu ziren, PSE-k aurka bozkatu zuen. Donostiako udal-gobernuari eta bereziki hiriburuko alkate Eneko Goiari zuzenduriko eskaera argi bat jasotzen du mozi0ak; "Loiolako kuartelak Zubietara lekualdatzeko asmoari uko egiteko. Ez ditugu militarrak gure herrian eta bere inguruan izan nahi. Gainera, ez du zentzurik Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak, ez Zubietan, ez Loiolan, ez inon. Horregatik, eztabaidaren muinari heltzeko eskatzen diogu, hau da, nola lortu Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa. EHBildu prest dago zeregin horretan bide-lagun izateko".

Mozioaren bidez, udalbatzak "dei egiten die Donostia eta Gipuzkoako ordezkari instituzionalei Zubieta bakean uzteko eta zubietarrei aditzeko. Proiektuok bertan behera utzi eta zubietarren etorkizuna zubietarren esku uzteko eskatzen diegu".

Eskuzaitzetan proposatu diren proiektuen eskalak eta dimentsioak Donostia gainditzen duenez, "ezinbestekoa da eskualdearen iritzia aintzat hartzea". Donostiako Udalak kuartel militarraren leku aldaketa "gainerako guztiei erreparatu gabe" proposatu duenez, Eusko Jaurlaritzari eta lurralde antolaketarako arduradunei esku hartzea eskatzen die. 

EAJ 

Jeltzaleen bozeramaile Josune Urkolaren esanetan, mozioak bi gai nahasten ditu; desmilitarizazioa eta Loiolako kuartel militarraren leku aldaketarena. Lehenengo gaiari dagokionean EHBilduren bidelagun izan daitezkeela zioen Urkolak. Baina nabarmentzen zuenez, udalek beren interes eta beharren arabera jokatzen dute. Ondorioz, gaiok ezin dira bere ustez sinpletasunez jorratu. Horregatik eta aipatu bi gaai nahasten dituelako iragarri zuen bozketa aurretik, EAJ abstenitu egingo zela EHBilduk aurkezturiko mozioaren aurrean.

PSE

Ez da gai berria, PSE-ren bozeramaile Fermin Oruek zioenez. Espainiako Gobernuan ministro aldaketa egon denero hamaika bidaia egindakoak direla gogorarazten zuen egungo eta aurreko Donostiako alkateak. Militarren kuartelaren leku aldaketaren eskakizuna aspaldiko kontua dela zioen, baina erantzuna beti berbera; ezezkoa jaso izan dutela. Bere alderdiak Donostiako Udalean duen taldeak maiatzean mozio bidez, hiriburuko Udaleko osoko bilkuran kuartela beste leku batera aldatzea proposatu zuela zioen, egunotan zabaldu denez, Martutene eta Astigarraga arteko lur eremu batera. 

Loiolako egungo kuartel militarraren lur eremua Donostiak babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko behar duela nabarmendu zuen. Eta mozio bidez, leku aldaketaren aurka agertuta ere, leku aldaketaren aurkako eskaera ez dela aintzakotzat hartuko. "Kuartelik ez Zubietan, ez inon" ez dituela nahi adierazi zuen. Baina gauzak hala direla zioen. Honenbestez, leku aldaketarena onartuko ez eta Donostiak Loiolan babes ofizialeko etxebizitzak eraiki asmo dituela ikusita, mozioaren aurka bozkatzea erabaki zuen.

EHBildu

Oposizioko udal taldeen adierazpenak entzunda, udal gobernu taldeak hartu zuen hitza. Udalak inguruko herriekin harremanduta daudela jakinik, ingurukoak oso kontuan hartu behar dituela gogorarazi zien Xabier Arregi alkateak EAJ eta PSE-ri, "norberekeriaz jokatzea da bestela". Horregatik zioen, "udal guztiak behartuak gaude gure ingurua kontuan hartzera". Eta hori, "elkartasun ariketa sinple" bat baino ez dela gogorarazi zien oposizioko udal taldeei.

Norberekeriaren adibide argitzat jo zuen Donostiako Udala. Belartza eraikiz, erraustegiarekin edo kuartel militarrarekin, ez usurbildarrak ezta "zubietarrak ez ditu aintzat hartzen", proiektuokin kaltetzen dituzte. "Mingarria da entzutea, gure lurrak eskaini dituztela kuartela" Zubietan kokatzeko. Eta argi adierazi zuen, ingurukoak kontuan hartu gabe norberekeriaz " jokatzen duenak ez du gure errespeturik merezi".

Eta zuzen adierazi zien udal bakoitzak bere interes eta beharren arabera jokatzen duela adierazi zuten oposizioko kidei. Legegintzaldi hasieratik herri gisa jokatzeko gonbita luzatu arren, "herri interesen kontra, alderdi interesekin jokatzen" ari direla.