Elkar eta Gureak Michelin ondoan kokatzeko hirigintza hitzarmena behin betiko onartu dute

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 26a, 10:37

"Sekulako operazioa, Usurbilentzat, eskualdearentzat eta herrialdearentzat", hitzokin definitu zuen astearteko udalbatzaren osoko bilkuran Usurbilgo alkate Xabier Arregik, udal talde guztiek aho batez eta behin betiko onartu zuten hirigintza hitzarmena. Hitzarmena Michelinek, Gureak Lanean S.A.-k, Elkarlanean Fundazioak eta Usurbilgo Udalak adostu dute, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-87 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala sustatuko da.

Eta aldaketa puntual honi esker, ondoko irudietan duzuen Michelinek erabili gabe duen lur eremu horretan kokatuko dira etorkizunean Elkar eta Gureak. Degradaturiko espazio bat birgaituko dela eta lanpostu ugariren eremua izango dela nabarmendu zuen alkateak atzoko plenoan.

Lurrak erosteko

Hirigintza hitzarmen hau uztaileko osoko bilkuran onartu zuen behin behinean udalbatzak aho batez. Michelinek hutsik duen lantegiaren ondoko lur eremuan kokatuko dira bi lantegion egoitza nagusiak, Urbil merkatalgunearen parean. Etorkizuneko proiektua gauzatze bidean, urrats garrantzitsua eman zuen udalbatzak uztailaren 24an egin zuen osoko bilkuran. Usurbilgo Udala, Gureak eta Elkarren arteko hirigintza hitzarmena hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez. Hitzarmen honi esker, Michelinek Zapategi eremuan libre utzitako 43.881,09 metro karratuko gunea erosiko dute eta bertan kokatuko dira. Aipatu Zapategi eremua bitan banatuko da etorkizunean. Zati bat Michelinek okupatuko du, bestea Gureak eta Elkarrek.  

Onurez josia

Udal gobernu taldetik nabarmentzen dutenez, “euskara, kultura, gizarte-balioak sustatzen dituen proiektua da” honakoa. Lorpen handitzat eta onuragarritzat jotzen dute, bi lantegiok Usurbila ekartzea. Guztira, 950 lanpostu kokatuko dira Usurbilen eta “ahul dauden sektoreak indartzeko balioko du”. Hainbat langile birkokatuko dira bertan, lanpostu berriak ere sortuko dira. Elkarrek bere jarduera eta biltegia barnebilduko dituen pabilioi bat eraikiko du. Gureak-ek lau eraikiko ditu; “elektronikakoa, marketing-erako, muntai-lanetarako eta hezkuntza eta zerbitzuetarako”.  

Hiriarekiko konexioa bermatzea, lurraren optimizazioa eta erabilera nahasketa, biodibertsitatea eta geografia-balioak mantentzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, egonkortasun soziala bermatzea, hortxe eremu honetan Udalak sustatu nahi izan dituen ezaugarriak, “hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren ikuspegi merkantilistak” alboratuta.