Hilabeteka antolatuta
Lau ataletan antolatuta dator gida-liburua: baratzea, basoa, fruitu-arbolak eta lorategia. “Lau atal horietan, hilabetez hilabete azaltzen dira zer nolako lanak egin behar diren”. Hilabeteka antolatuta dago liburua “landareek horrela funtzionatzen dutelako”, Errekondok argitu nahi izan duenez. “Guretzat saio bat urtaro bat da –udaberria, udazkena...–, baina landareek ilargialdika funtzionatzen dute”. Hilabetea hortik dator, hain juxtu: “hilabete bat da ilargi bat; ilgora bat eta ilbehera bat. Lanak ere, horrelaxe azaldu ditugu”. Gida-liburuak astez aste azaltzen du zein ilargialdian gauden. “Ilgora eta ilbehera zikloak nahiz ilberri eta ilzahar zikloak ere zehaztu datoz”.
Jakinduria gal ez dadin
Astez aste egindako lanak apuntatzeko aukera eskaintzen du liburu berriak. “Hau oso inportantea da”, hala dio Errekondok, “egiten ditugun lanak edota entzuten ditugun esaerak apuntatu eta jasotzeko. Denak jabetzen gara zenbat gauza eta zenbat jakintza galtzen ari garen gure lurraren inguruko kulturan”. Egindako lanak idatzita jasotzeak bestelako garrantziarik ere badu: “hurrengo urteetan egin behar ditugun lanetarako oso baliogarria izango zaigu gida-liburuan batu dugun informazioa”.
Baratze-tresnen presentzia
Gida berriak iazko argitalpenaren ildoa jarraitzen du baina honakoan bada nobedaderik: baratze-tresnetan erreparatu dute Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak. “Nekazaritzan, historikoki, lan tresna mordo bat erabili izan da baina gaur egun lan gehientsuenak makinarekin edo motorrarekin egiten ditugu. Orduko horien izenak, lan egiteko erak eta teknikak galtzen ari dira. Horiei tartetxo bat egin diegu, jakinduria hori dena gal ez dadin”. Tresneria eta tresneriaren mekanika argazkiekin azaltzea oso zaila dela dio Errekondok eta, iaz egin bezalaxe, honakoan ere marrazkiekin ilustratu dute liburua. “Antton Olariagaren marrazkiak luxuzkoak dira eta marrazkiengatik bakarrik merezi du liburua edukitzea, arte-obra batzuk dira”.
Antton Olariaga: “Gozamen izugarria izan da”
“Erabiltzailearen lana da egindakoa agendan jaso eta ikastea, eta niri gauza bera gertatzen zait”. Antton Olariaga marrazkilaria oso eskertuta dago horregatik: “baratzeari buruz ezer gutxi dakit eta Jakobak ematen didan informazioarekin saiatzen naiz paperezko baratze horretan nire ekarpena egiten”. Horretarako bere lan tresna propioak ditu Olariagak: “nire atxurra errotuladorea izaten da, nik ere nire paperak ureztatzen ditut, batzuetan ur gaziarekin propio, gehienetan kolorearekin...”. Baina azken buruan, bere marrazkiek galbahe batetik pasa behar izaten dute: Jakoba Errekondoren oneritzia. Marrazki bat egin orduko, “Jakobak balekoa zela esaten zidanean poz handia hartzen nuen. Hala osatu dugu liburu hau. Orain, gozamen izugarria da lan hau gauzatuta ikustea, paperezko baratze honen fruitua dastatzea”.
Errezilgo Azokari gorazarre
Jakintza jaso eta transmititzea. Hori da, funtsean, Jakoba Errekondoren asmo nagusia. Ahalegin horretan dihardu aspaldian eta Errezilgo Azokako kideak ere bide berean ari dira. Azpeitiko Azokan aurkeztu zuten Landareak lantzen 2019 gida-liburua eta errezildarrak omentzeko aukera aprobetxatu zuen Errekondok: “eskualde honetan baten batek omenaldi bat merezi badu, Errezilgo emakume hauek dira. Nekazaritza sustatzea boladan dagoela dirudi baina duela 30 urte ia inork ez zuen horrela pentsatzen”. 80ko hamarkada amaieran, Errezilgo emakume talde batek proiektu komun bat bideratu zuen, “bertako produktuak sustatzeko, elkarri lagunduz euren bizimodua aurrera ateratzeko, lanpostuak sortzeko... Etxetik atera eta nor badirela adierazteko”. Sagarra, sagar dultzeak, mermeladak, intxaurrak, gazta, babarrunak... Gero eta nekazal produktu gehiago merkaturatzen dituzte. Denda bat dute Errezilen eta hainbat azokatan ibiltzen dira.
Landareak lantzen 2019 liburua eskuratzeko: 943-37 15 45 telefonora deitu, denda@argia.eus helbidera idatzi edo Argia dendan eskatu.