Gipuzkoa Zutik: "Gure bizitzen aurkako proiektuen kontra protestatzen jarraituko dugu"

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 27a, 12:57

Sare sozialen bidez, igandean erraustegira eginiko buzo zurien martxan Ertzaintzak herritarren aurka indarkeriaz jokatu salatu du Gipuzkoa Zutik mugimenduak eta erantzuletzat jo ditu Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak.

Hainbat zauritu eragin zituen Ertzaintzaren bultzada eta kolpeek. "Batzuk ospitalera joan behar izan zuten", Gipuzkoa Zutik mugimendutik berri eman dutenez. 

Helburua argia zen antolatzaileen esanetan, igandean antolatu zuten martxa eragoztea. "Poliziak mendi bide guztiak itxi zituen. Agindua, protesta erraustegira ez heltzea zen", nabarmendu dute. Ertzaintzak lurrez nahiz airez kontrolatu nahi izan zuen errausketaren zero gunea. "Mendia literalki poliziak hartua zuen, bitartean helikopteroa gure buruen gainean izan genuen ordu luzez".

Abiapuntuan, Zubietan bertan bi zutabeetan banatu zen martxa. Goian, Ertzaintzak mendi bide guztiak itxita eta ingurunea hartua izan arren, Gipuzkoa Zutik mugimendutik oroitarazten dutenez, "zutabe bat bestearekin batzen ahalegindu zen basoa zeharkatuz, baina mendia poliziak hartua zuen. Egoeraren gaineko kontrola galtzen hasi zirenean, bultzaka hasi ziren basoan. Tentsioa gehitzen zihoan. Jendeak amore eman ez eta aurrerantz tinko segitzeko asmoa zuela ikusita, poliziak indarkeriaz jokatu zuen inposizioaren aurka borrokatzen ari ziren herritarrei". 

Ordurako "protesta erraustegi kriminalera heldua zen. Poliziak bertatik bota nahi zituzten. Jendea eseri zen eta ezkutu zein borren kolpeak sufritu behar izan zituen. Tiro hotsak ere entzun ziren".

Baina erronka bete zutela nabarmendu dute. "Igandean Ertzaintzak ez zuen Zubietako martxa erraustegira heltzerik nahi. Baina... adin guztietako herritarrok, kolpeak kolpe, heldu ginen. Biba gu!".

"Geratu daiteke"

Buzo zurien martxaren ostean, Gipuzkoa Zutik mugimendutik iragarri dutenez, "eusteko garaiak dira eta eutsiko dugu".

Erraustegia oraindik geratu daitekeela gogoraratzen digute. "Oraindik obren %11 baino ez dute egin. Geratu daiteke, alternatibak badaudelako eta hainbeste manipulaziorekin nazkatuak gaudelako". Eta iragarri dutenez, "Gure bizitzen aurkako proiektuen kontra protestatzen jarraituko dugu".

https://twitter.com/GipuzkoaZutik/status/1043951832610082817

https://twitter.com/GipuzkoaZutik/status/1045218778764775424