Kataluniarekiko elkartasun elkarretaratzea astelehenean, galdeketaren urtemuga egunean

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 27a, 13:39

Datorren astelehenean urtea beteko da kataluniarrak hitza hartzera deitu zituztenetik, Kataluniako galdeketatik. Egun horretarako elkartasun elkarretaratzeak deitu ditu Gure Esku Dagok, "Askatasuna erabakitzea da" aldarripean. Usurbilen baita, urriaren 1ean, arratsaldeko 19:30etan hasita Mikel Laboa plazan. Mezu argi bat helarazi nahi zaie urtemuga egun berezi honetan: "Catalunya, seguim amb vosaltres" ("Catalunya, zuekin segitzen dugu").

Gernikara joateko deia

Usurbilen nahiz Euskal Herriko beste hainbat herrietan deitu ditu Gure Esku Dago mugimenduak urriko lehen egunerako elkartasun mobilizazioak. Aurretik, larunbaterako Gernikan ekitaldi "berezi eta historikoa". Ekitaldi nazionala irailaren 29an, 17:30etan Gernikan, Astra kanpoan. Ondoko parkinean 100 X 50 metroko "Gernika" handi bat marraztu dute. Herri auzolan erraldoi baten emaitza izan da.

Kataluniako galdeketaren urtemugaren bezperetan ospatuko den ekitaldian, "Gernikatik munduari mezua" helarazi nahi diote, "Askatasuna erabakitzea da" aldarripean. Ostegun honetan iragarri dutenez, Carles Puigdemont berak ere mezu bidez ekitaldian parte hartuko du. Bertan izango da Euskal Herriko nahiz Kataluniako eragile politiko eta sozialen ordezkaritza zabala. "Edozein herrik bere etorkizunaz erabakitzeko duen askatasunaren aldeko mezua zabalduko dugu Euskal Herriaren askatasunaren ikur den leku sinboliko honetatik, Gernikatik".

Ekimenak bi helburu nagusi ditu. "Batetik, Gernikan batu nahi ditugu Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politiko eta sozialak zein oinarrizko errebindikazio honekin bat egiten duten herritarrak, eta, bestetik, erabakitzeko eskubidearen aldarria eta urriaren 1eko erreferendumaren dimentsio politikoa nazioartera zabalduko ditugu, era ikusgarri batean".