Aldaketa nabaria eman dute Usurbilgo erakusleihoek. Oihal beltz eta mezu kezkagarriekin estaliak egotetik mezu eta globo koloretsuekin apaintzera igaro dira herriko ostalari eta dendariak bere saltokiak, egun gutxi batzuen tartean.
"Zer nolako Usurbil nahi duzu?", "Ez dakigu zer dugun galtzen dugun arte" edo "Herrian erosteak handi egiten zaitu" gisako mezuetatik, "Usurbilgo herriari kolorea ematen diogu", "Desberdinak gara" dioten mezuetara igaro gara. Eta mezu baten garrantzia azpimarratu beharra dago, ziur aski gainerakoak laburbildu eta herritarrei dei zuzena egiten diena; "Usurbilen bizi eta erosi!".
Sentsibilizazio kanpaina
Erakusleihorik gabe izan dira tabernak eta dendak joan den aste amaieran. Egun batetik bestera, oihal beltzez estaliak esnatu zitzaizkigun Usurbilgo taberna, denda eta baita udal zerbitzuen erakusleihoak ere irailaren 20an. Ilun, triste. Bizitzarik ez duen herrian biziko bagina sentiarazteko modua izan genuen, saltokiak irekiak egon arren. Oihal beltzak mezu kezkagarriak zintzilikatuak zituztela ageri zitzaizkigun; ia horrelako herria nahi dugun galdetzen zuten mezuak, galtzen dugun arte ez dugula jakiten zer dugun edo herrian erosteak handi egiten gaituela gogorarazten digutenak. Oihal beltzok eta mezuok, ia establezimendu guztietan ikus genitzazkeen.
Biharamunean argitu ziguten zergatik zegoen Usurbil, erakusleihorik gabe. Beterriko udal eta merkatari zein ostalarien elkarteek, tokiko merkataritza sustatzeko eskualdean abiatu duten sentsibilizazio kanpainaren baitan jantzi dituzte beltzez dendak eta tabernak. Ez bakarrik Usurbilen, baita eskualdean ere.
Irailaren 20tik 23ra oihal beltzekin estali zituzten herriko denda eta taberna atariak, "herri triste eta bizirik gabekoak simulatuz". Normaltasunez zabaldu zituzten ordea. Aste hasiera honekin etorri zen aldaketa. Guztiz kontrakoa irudikatu nahi izan zuten. "Dendak kolorezko globoekin apaindu dira eta kalera irten dira aurreko egunetako irudiaren aurkakoa plazaratzeko, eta herriari poza eta bizitza helarazteko", egitasmo honen sustatzaileen esanetan.
Kanpaina honekin bat egin dute Usurbilek, Andoainek eta Astigarragak. Iaz egin zuen Hernanik, baina joan den ostiralean ospatu zuten Merkataritza Festarekin bat egin zuen berriz dinamika honekin. Astelehenetik aurrera saltokiak kolorez mozorrotzeko deialdiarekin bat egin zuen baita Lasarte-Oriak.
Ekimenak izan duen jarraipen nabarmenaren adibide, Usurbil. Egitasmo honen sustatzaileen esanetan, %75 pasatxokoa izan da. Denda txikiei erreparatuz gero, %90ekoa.
Herri bizitza jokoan
“Guztiok interpelatzen gaituen kanpaina da”, egitasmoa aurkezteko eskualdeko merkatarien elkarte eta udal ordezkariek Andoainen egin zuten agerraldian ziotenez. Zer hausnartua eman nahi duena. Batetik komertzioei beraiei, nabarmentzekoa baita kanpaina honen sustatzaileen esanetan, herri baten garapen soziokoekonomiko eta kulturalean duten ardura. Herritarrok ere kontzientzatu nahi gaituzte, jabetu gaitezen zer gertatuko litzatekeen baldin eta tokiko merkataritza desagertuko balitz. Zer eta zenbat dugun jokoan. Eta honenbestez, gure kontsumo ohiturek duten garrantziaz kontzientziarazi nahi gaituzte “herri gune biziak eta ez hilak zer nolako garrantzia duten pentsaraztea”. Ohartaraztea herrian bertan erostea, “askotan aukera hoberena dela, gertuena duguna”.
Eta erakundeei begirako kanpaina ere bada honakoa. Komertzioei animu mezuak helaraztetik haratago, “babes neurriak behar dituztela” jabetu daitezen. Horregatik zioten, “erakunde guztiek serio hartu beharreko gai bat” dela honakoa. Eta dendari eta ostalariek egunotan erakutsi duten moduan, elkarlanean, batera lan egin beharra dagoela etorkizuneko erronkei heltzeko.
https://youtu.be/SrIUn_J3muY
https://youtu.be/KWKV5wib_Tw
OLYMPUS DIGITAL CAMERA