Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta Usurbilgo gazte mugimenduak elkarlanean antolatu dute asteotan “Herria Xutan” zikloa, Usurbildik 600 kilometrora Valentziako Picassent espetxean segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen eta haien urte eta erdiko haur Xuaren egoera plazaratzeko eta babesa adierazteko.
Joan den astean, gai honi, motxiladun haurrei, sakabanaketaz, salbuespenezko legediaz mahai ingurua egin zuten Sutegin, motxiladun haurra izandako gazte batekin, Sara Majarenas preso ohiarekin eta Onintza Ostolaza abokatuarekin. “Herria Xutan” zikloa borobiltzeko elkarretaratze berezia izango da ostiral honetan (irailak 28) 20:00etan Mikel Laboa plazan.