Gipuzkoako pentsiodunen bira Usurbildik igaroko da urriaren 4an

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 28a, 21:09

Adinekoen Nazioarteko Eguna oroituko da hurrengo astelehenean, urriaren 1ean. Inoiz baino modu aldarrikatzaileagoan, pentsiodunek mobilizazioak antolatu baitituzte nonahi. Gipuzkoan, urriaren 6an deitu dute belaunaldi artekoa izan nahi duen herrialde mailako manifestazioa Donostian. Baina aurrez, eskualdeetan ere hainbat dinamika iragarri dira. Horien artean, Gipuzkoako Pentsionisten Bira. Usurbildik igaroko da urriaren 4an, ostegunez. Herriko jubilatu elkarteek bat egin dute deialdiarekin.

Usurbildik Lasartera

Goizeko 10:30etan finkatu dute biltzeko hitzordua San Inazioko autobus geltoki ondoko errotondan. Handik oinez udaletxera joko dute. Udaletxean bizi duin baten aldeko eskaerak erregistratuko dituzte. Eta handik Troiara. Urte hasieran aurkeztu zen "Puntu beltzik ez" Usurbil seguru eta jasangarri baten alde lanean diharduen herri plataforma batuko zaie eta taldeko argazkia aterako dute, N-634 errepideko puntu beltz horretan. 

Lasarte-Oria aldera joango dira gero. Usurbilen egin bezala, bizi duin baten aldeko eskaerak erregistratuko dituzte aipatu udalerri horretan ere. Goiza borobiltzeko, Aginaga Sagardotegian bilduko dira bazkaritarako. Otordurako izena aurrez eman beharko da Artzabalen, Gure Pakea Elkartearen bulegoan. Hemen duzue, urriaren 4ko deialdiekin argitara eman duten kartela: