Gazte mugimendua batu da azken ostiraleko elkarretaratzera

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 28a, 21:37

Hilero moduan, euskal presoen eskubideen alde mobilizatu dira usurbildarrak ere iluntzean Mikel Laboa plazan. Gaurko elkarretaratzea bi eragileren artean partekatua izan da; ohi bezala Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitu baitu hitzordua, eta deialdiari batu zaio Usurbilgo gazte mugimendua. 

Gogoan izan bi eragileok antolatu dutela asteotako "Herria Xutan" ekimen zikloa. Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean urrunduak dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen eta haien haur Xuaren egoera plazaratzea eta elkartasuna adieraztea zuen xede. Ziklo horren baitan kokatu dute gaurko elkarretaratzea ere. 

Egungo espetxe politika aldatzeko Espainiako Gobernuak izan dezakeen borondatearen harira, su-etenetik 7 urtera eta ETAren amaireratik ia bost hilabetera, "Espainiako Gobernuak emandako lehendabiziko urratsak eskasak izan dira".  Bi puntu nabarmendu nahi izan dituzte. Batetik "euskal presoak Zabalalko eta Iruñeako espetxera ez hurbiltzeko aitzakiarik" ez dagoela. Eta halere, "hain urrun ez dauden espetxeetara presoak lekualdatuz, senide eta gertukoen arriskua gutxitu egiten du neurri batean, baina arriskua bere horretan mantentzen jarraitzen du ehunka kilometro egitera behartuta baitaude".

"Gazteok zuekin gaude"

Aipatzekoa euskal presoen gaiari dagokionez, gazte mugimenduak gaurko mobilizazioan plazaratu duen irakurketa. "Gazte askok ez dituzte bere sentitzen pairatzen duten sufrimendu krudela. Ez dituzte bere sentitzen motxiladun umeek egin behar dituzten milaka kilometroak euren gurasoak ikusteko, ez dituzte bere sentitzen kartzelara bidean senideei gertatzen zaizkien istripu eta ezbeharrak, ez dute bere sentitzen euskal gatazka". 

Usurbilgo gazte mugimendutik diotenez, kontzientze da gazteriak bizi duen egoera zailaz, "baina guk argi daukagu, herri honen askatasunaren aldeko borrokan bat egiten dugu eta horregatik haren askatasunaren alde borrokatu zuten gudarien etxeratzearen alde egingo dugu, gure herriagatik, sufrimenduaren amaieragatik eta askatasunagatik! Argi izan dezazuela gazteok zuekin gaude! Gora euskal preso politikoak!".

Hurrengo hitzordua Donostian

"Herria Xutan" zikloa amaituta, urrira begira jarri dira gaurko mobilizazioan. Hilabeteroko azken ostiraleko elkarretaratzearekin batera, "Orain presoak" aldarripean manifestazioa deitu du Sare herritarrak urriaren 20an Donostian. "Hiriburuko kaleak zabalduko dizkio euskal gizartearen borondateari. Manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Gaur hemen zaudeten guztioi, euskal gizarteari, eragile politiko eta sindikalei. Pauso bakoitza ezinbestekoa da, gutariko oro ezinbestekoa da", gogorarazi dute.

DATOZEN DEIALDIAK

Urriak 20, larunbata

17:00 "Orain presoak" manifestazioa Donostian, Antiguako tuneletik.

Deitzailea: Sare herritarra. 

Informazio gehiago: sare.eus

Urriak 26, ostirala

20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.