Akelarreren Aginagako azken kontzerturako sarrerak Usurbilen, Aginagan eta Orion salgai

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 1a, 08:51

Badator egun seinalatua, Akelarre taldeak larunbat honetan, urriaren 6an eskainiko du azken kontzertua Aginagan! Gogoan izan, kontzerturako sarrerak hiru gune ezberdinetan erosteko aukera duzue; Usurbilen, Aginagan eta Orion. Usurbilgo Aitzaga tabernan, Aginaga Sagardotegian eta Orioko Kolon Txiki tabernan. 12 euroren truke.

Urriaren 6rako kontzertu gaua antolatu dute Aginagako jaietan. Elektropapo talde usurbildarra hasiko da girotzen gaua, afalaurretik. Bokatak salgai jarriko dituzte, bertan mokadutxoa dastatu nahi dutenentzat. Bertan bildutako dirua, 2019ko ekainaren 9an Aginagan ospatuko duten Eskola Txikien Festa handia antolatzen laguntzera bideratuko dute.

Gaueko 22:00etan hasiko da kontzertu gau luzea. Lehenbizi Dj. Bull-ek berotuko du giroa. Akelarreren agurra segidan. Gero, doan, Gozategi, eta Dj Bull eta DJ Elepunto goizaldera arte.

"Gure azken kontzertuaren eguna iritsi da"

"Azken data urriak 6! Akelarre azkeneko aldiz ikusteko aukera Aginako jaietan izango duzue. Animatu zaitezte eta sartu gurekin Akelarrera!", luzatu dute gonbita taldetik. Aginagakoa bai, azkena izango dela iragarri dute egunotan. 2017an itzuli ziren eta adostuak zituzten kontzertuak eskainita, zaletuei agurtzear da berriz Akelarre musika taldea. Agurrerako, Aginagako oholtza hautatu du taldeak. 

Agurtzeko ordua heldu dela adierazi dute. "Askok galdetu duzuen bezala, gure azken kontzertuaren eguna iritsi da. Urriaren 6an izango da Aginagako jaietan. 2017an egin beharrekoak egin ondoren, 2018an beste kontzertu gutxi batzuk egitea adostu genuen. Aginagan amaituko dugu gure 2017-2018 tour-a zuzeneko ibilbidea amaitutzat emanaz", iragarri dute. 

Agurrean, zaletu eta jarraitzaileak gogoan. "Mila esker jarraitzale, lagun, familia eta gure ondoan egon eta zaudeten guztioi, plazerra izan da zuen berotasuna berriro ere sentitzea, ez dugu inoiz ahaztuko egin diguzuen harrera! Aupa zuek eta gora Akelarre! Urriaren 6an Agiñan toperaaaaaa!", luzatu dute gonbita.

Akelarre Aginagako jaietan

Urriak 6, larunbata

19:00 Elektropapo Elektrotxaranga (bokatak salgai txosnan).

22:00 Dj Bull

23:00 Akelarre. Sarrera: 12 euro.

02:00 Gozategi. Irekia, doan.

04:00 Goizaldera arte, Dj Bull eta DJ Elepunto Eliza Zaharrean eta Karpan.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.