Duela urtebete atera genuen argazkia duzue ondokoa. Urriaren 1eko Pertsona Helduen Nazioarteko Egunaren harira, Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate Elkarteetako kideek udaletxe aurrean egin zuten agerraldikoa. Dagokiena eskatzen zuten, pentsio duinak. Bai haientzat bai gu guztiontzat ere. Gogorarazten zutenez, "gaur gure pentsioak direnak, bihar zureak izango direlako".
Haien kezka eta ezinegona adierazi zieten politikariei, besteak beste, pentsioetan aplikatu dituzten murrizketengatik edota "gobernuak gure Gizarte-Segurantzako fondoak bere irabazietarako erabili dituela" eta. Bizitzako azken garaian, biziki estimatzen dituzten eskubideez gozatzeko nahia agertu zuten.
Pentsa, urtebete honetan zenbat hitz egin den pentsioez, pentsiodunez eta egin dituzten mobilizazioez. Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna da heldu da berriz, urriko lehenengo egun honekin batera. Eta inoiz baino aldarrikatzaileago dator. Hainbat mobilizazio deitu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Gipuzkoan, urriaren 6an deitu dute belaunaldi artekoa izan nahi duen herrialde mailako manifestazioa Donostian. Baina aurrez, eskualdeetan ere hainbat dinamika iragarri dira. Horien artean, Gipuzkoako Pentsionisten Bira. Usurbildik igaroko da urriaren 4an, ostegunez. Herriko jubilatu elkarteek (Usurbilgo Gure Pakeak, Santueneko Gure Elkarteak eta Aginagako Arratek) bat egin dute deialdiarekin.
Usurbildik Lasartera
Ostegun goizeko (urriak 4) 10:30etan finkatu dute biltzeko hitzordua San Inazioko autobus geltoki ondoko errotondan. Handik oinez udaletxera joko dute. Udaletxean bizi duin baten aldeko eskaerak erregistratuko dituzte. Eta handik Troiara. Urte hasieran aurkeztu zen "Puntu beltzik ez" Usurbil seguru eta jasangarri baten alde lanean diharduen herri plataforma batuko zaie eta taldeko argazkia aterako dute, N-634 errepideko puntu beltz horretan.
Lasarte-Oria aldera joango dira gero. Usurbilen egin bezala, bizi duin baten aldeko eskaerak erregistratuko dituzte aipatu udalerri horretan ere. Goiza borobiltzeko, Aginaga Sagardotegian bilduko dira bazkaritarako. Otordurako izena aurrez eman beharko da Artzabalen, Gure Pakea Elkartearen bulegoan. Hemen duzue, urriaren 4ko deialdiekin argitara eman duten kartela: