"Catalunya, seguim amb vosaltres"

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 1a, 20:40

2018ko urriak 1 gaur. Urtea bete da kataluniarrak hitza hartzera deitu zituztenetik, Kataluniako galdeketa egun hartatik. Urtemuga egun honetarako elkartasun elkarretaratzeak deitu ditu Gure Esku Dagok, "Askatasuna erabakitzea da" aldarripean. Usurbilgoa Mikel Laboa plazan egin berri dute. Mezu argi bat helarazi nahi zaie katalanei urtemuga egun berezi honetan: "Catalunya, seguim amb vosaltres" ("Catalunya, zuekin segitzen dugu").

"Urriaren 1a mugarri historiko bat da demokrata guztientzat"

Hala adierazi zuten joan den larunbatean Gure Esku Dago mugimenduak deituta Gernikan egin zen ekitaldian.  Mugarri hura posible egin zutenak eskertu nahi zituzten. "Eta eskertzarekin batera elkartasuna erakutsi ere, bereziki espetxean edo erbestean zaudenentzat. Aske nahi zaituztegu, eta aske ikusi arte, jarraituko dugu elkartasunaren oihala ehuntzen. Etorkizuna hobea izango baita herrien arteko elkartasunaren gainean eraikitzen bada. Ez zarete sekula bakarrik egongo. Besarkada handi bat guztiontzat". 

Gernikatik, leku ezin sinbolikoagoatik, "demokraziaren sinboloa, eta elkarbizitzaren sinboloa", oroitarazi zuten, iazko urriaren 1ean, "bi milioitik gora lagunen bozkatzeko hautua debeku eta indarkeriarekin geldiarazi nahi izan zituztenek helburu nagusi bat izan zuten: demokrazia suntsitzea, demokrazia katalana suntsitzea. Baina ez zuten lortu. Demokrazia herritarra gailendu egin zen. Demokrazia nagusitu egin zen. Eta argi bilakatu zen. Orduan piztutako argia ez da itzali. Piztuta jarraitzen du. Horregatik margotu dugu horiz Picassoren ‘Gernika’ koadroan lanpara handia, herrien demokrazia nahiaren sinbolo gisa. Itxaropenez".

Gaineratu zutenez, "mundu osoaren aurrean adierazi nahi dugu herrien askatasun eta burujabetza asmoak pizturik daudela, izan katalan herria, korsikar herria, kanak herria, eskoziar herria edo euskal herria".

Katalanekin zer partekatua badugula gogorarazten dute; "demokrazia eta burujabetzaren aldeko konpromisoa eta mundu justuago baten aldeko gogoa konpartitzen dugu. Bidelagun gara. Elkar lagunduta, bidea samurrago egingo dugu, eta urrutiago iritsiko gara. Gure Esku Dagon, elkartasun hori piztuta mantentzeko konpromisoa hartzen dugu, burujabetza eta demokraziarako bidea argitu diezagun".

Elkarrekin, euskal lurraldeetan erabakiaren bidean aurrerapausoak emateko deia egin zuten. "Anbizioz, geure buruari mugarik jarri gabe. Eta, noski, herritarrei azken hitza emanez. Eta ez, ez diogu beldurrik herri honen etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeari. Ez diogu beldurrik askatasunari. Zabal dezagun erabakiaren bidea, eta gure etorkizuna erabakiz askeago izan gaitezen".

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA