Erraustegia salatuko du, ostiralean Donostiara helduko den Tour Alternatibak

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 2a, 10:23

Ekainaren 9an Parisen abiatu zenetik, lau hilabeteetan eta 200 etapen egin ostean, frantziar estatua zeharkatu duen klima aldaketaren aurkako Europako mobilizaziorik handiena, “Tour Alternatiba” bizikleta martxa Donostiara helduko da ostiral honetan (urriak 5), “Aldatu dezagun sistema, ez klima!” aldarripean.

Gipuzkoako hiriburuan harrera ekitaldia antolatu diote martxari. “Gu ere bizikletara igoko gara, kontsumo arduratsua eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatu, eta klimaren kontra doazen Zubietako erraustegia eta Donostiako metroa salatzeko. Zatoz!”, luzatu dute gonbita denetariko eragileek. Ekimenari babesa adierazi diotenen artean dira, Zubietako Herri Batzarra, Zubieta Lantzen, Gipuzkoa Zutik edota Errausketaren Aurkako Mugimendua. Babesa eman nahi duten eragile nahiz erakundeek, bere atxikimenduak alternatiba.tourra.donostian@gmail.com helbidera helarazi behar dituzte.

Erraustegiaren aurkako salaketa plazaratuko dute hain zuzen, “Gipuzkoan aldaketa klimatikoa eragiten duten gasen igorle nagusia izango delako. Errausketak klimaren beroketa larriagotzen du eta hondakinen birtziklapen eraginkorra nahiz kudeaketa arrazionalago bat ahalbidetzeko ezinbestekoa den gaikako bilketa sistema zabaltzearen kontrakoa da. Alternatiba hori Gipuzkoako herri askotan eta zenbait mankomunitatetan dagoenekoz egia bilakatu da ordea”.  

5.800 kilometroko bidea egin ostean larunbatean Baionan amaituko da Tour Alternatiba, urriaren 6-7ko asteburuan jendetsua izatea aurreikusten den Alternatiba Egunaren bueltan.

Urriak 5, ostirala

18:00 Bizikleta martxa Donostiako Katalunia plazatik, 3-4 kilometro hiriburuko kaleetan barrena.

19:00 Etaparen amaiera eta harrera Gipuzkoa plazan. Ekitaldia.

Oharra: Alternatiba Tourrari eta erraustegiari nahiz Donostiako Metroari buruzko erakusketa informatiboa 12:00-20:00 artean, Gipuzkoa plazan.

Informazio gehiago: bizimugi.eu / alternatiba.eu

Deitzaileak: Errausketaren Aurkako Mugimendua, Satorralaia, Ekologistak Martxan, Eguzki, TRADENER, Etxalde, Olatukoop, Gipuzkoa Zutik, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Eleak-Libre Taldea, Zubieta Lantzen, Zubietako Herri Batzarra, Uliako Lore-Baratzak eta Hondarpe Groseko Auzo Elkartea…