Haurrentzako sorkuntza txokoa igandean, GuraSOS-en eskutik

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 2a, 09:54

“Idatzi eta margotu etorkizuna kolore biziz” hortxe GuraSOS-ek igande honetarako (urriak 7) etxeko txikienei luzatzen dien gonbita. Kamiseta zahar bat jantzita Dema plazara agertu eta guraso taldeak bertan prestatua izango duen sorkuntza eremuan parte hartzeko deia egiten diete.

Gogoan izan, abian dela Hitzartu, hiri hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka konponbide adosturantz eramango duen bide-orria diseinatzeko eskuhartze prozesuak. Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeatzeko Plana erredaktatzen ari da hain zuzen ingeniari talde bat, GuraSOS-etik berri eman dutenez. Horrekin batera, “herritarren parte hartze prozesu aberats bat aurrera eramaten ari gara. Defentsa juridikoaren finantzaketa ere aurrera eraman behar dugu”. 

Helburu argiekin. “Gure haurrak eta etorkizuna babesteko. Ingurumena eta osasuna lehenetsiko duen adostasuneko irtenbide bat aurkitzeko. Garaiz gaudelako. Denen artean landutakoa beti ere onena izango delako”.

Testuinguru honetan, etorkizuna eraiki eta sortzera animatzen dituzte haur eta gaztetxoak. “Haurrek marrazki koloretsu bana egingo dute. Era berean, idaz tailerrean, taldetan, hizkuntzarekin jolasean jarduteko aukera paregabea eskainiko zaie. Bertan hitzekin jolasean, esaldiak, haikuak, leloak... josi, osatu eta erakusgai jarriko dira. Mural kolektibo batean txertatuko dute beraien irudimenez etorkizuna, nahi eta desio duten etorkizun hori. Eta denen artean irudimena dantzan jarrita sortuko denaren emaitzak beste bide berri bat hartuko du: marrazki-hitz horiekin latoizko kutxak ekoiztu eta salgai jarriko dira”.

Urriak 7, igandea

11:00 Usurbilgo Dema plazan: margoketa eta idazketa tailerrak, hizkuntza jokoak, horma irudi kolektibo baten margoketa.

Animatzaileak: Porrotx eta Ixabel Agirresarobe (Petra Ipurdian Bost Letraren bisita).

Hizkuntza laguntzailea: Yolanda Arrieta.

Marrazketa laguntzaileak: Susana Martin, Nora Izagirre eta Eider Makazaga.

Oharrak:

-Margotzeko erabiliko den materiala ez da toxikoa izango.

-Haurrek kamiseta zahar bat eraman dezatela, margoekin jolasean lasai ibiltzeko.

Antolatzailea: GuraSOS.