Irailaren 23an Zubietako erraustegiko lanetara eginiko martxan Ertzaintzak izandako jarrera salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. “Gipuzkoa Zutik-ek antolatutako mendi martxa baketsuaren aurka Ertzaintzaren operatibo zabal eta handi baten bitartez, helikoptero eta guzti, adin guztietako ehunka herritaren protesta baketsua oztopatu eta kolpeen bitartez jazartu egin zuten. Dozenaka zauritu izan ziren, horietako batzuk ospitalera joan behar izan zuten”.
Gertakarien aurrean, “klase politiko eta mass media gehienen isiltasuna eta konplizitatea” salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Erantzuletzat jotzen dituzte EAJ eta PSE-EE-ren buruzagiak, “baina zera galdetzen diogu ere gure buruari. Non daude, orain urte gutxi batzuk bere balkoietan hondakinen poltsak zintzilikatu zituzten herritarrak eta kalera atera zirenak arazo honi irtenbidea lortzeko beharrezkoak diren hondakinen bilketa eraginkorren aurka? Non daude beraien inposizio salaketak? Isilik eta errepresioa eta inposizioa onartuaz daude gaur egun”.
Buzo zurien martxa eta irailaren 21etik 23ra Zubietan izandako Iraultza Txikien Akanpada, hurrenez hurren antolatu zituzten Gipuzkoa Zutik eta Lurralde Askea eragileak zoriondu dituzte. Eskerrak helarazi dituzte baita, “nazioartetik ailegatu den elkartasun eta gertutasunari”. Bereziki mundu mailako 900 erakunde biltzen dituen errausketaren aurkako nazioarteko plataforma GAIA-ri. Herritarrei azkenik, ez etsitzea eskatzen diete. “Nazioartean gero eta erraustegi gehiago gelditzen ari dira. Orain gutxi, Italian 12 egitasmo gelditu dituzte legez. Zubietako erraustegia gezurrean, ustelkerian eta kriminalitatean oinarrituta dago. Eutsi goiari. Animo handiak guztiei”.