Donostiako 66. Zinemalditik zinema aretoetara jauzi egin zuenetik astea beteko den egunean, ostiral honetan (urriak 5) "Oreina" filma, Aginagako jaietan proiektatuko dute. Gaueko 22:00etan hasita, Aginagako Eliza Zaharrean.
Gogoan izan, besteak beste, Aginagan bertan eta Usurbilen grabatu zutela iaz, urte garai honetan, Koldo Almandozen zuzendaritzapean grabaturiko ikus-entzunezkoa. Aginagako Jai Batzordetik berri eman détenez, zuzendaria beraz, Almandoz ere Eliza Zaharrean bertan izango da urriaren 5ean.
Jai Batzordea pozik da, etxean bertan grabaturiko filma aginagarrek ikusteko primizia izango dutelako, zinema aretoetan estreinatu eta astebetera.
“Herrian grabatu zuten, herritarrekin harreman oso ona egin zuen taldeak. Emaitza herrira ekartzea oso polita izango zela iruditzen zitzaigun. Beraiek ere prestutasun guztia agertu dutenez, ikaragarri gustura gaude. Ez genuen espero”, adierazi dute Jai Batzordetik. Aginagako hainbat txokotan grabatu zuten “Oreina”. Erriberan, Mapil inguruetan… Sekañako otorduez gozatzen zuten filmeko lan taldeak. Hainbat aginagarrekin eta Aginagako txokoekin harremandu ziren. Etxean dutena are gehiago estimatzeko aukera izango dela adierazi digute Jai Batzordetik urriaren 5eko proiekzioan.
"Oreina"
Iazko irailean eta urrian, "Oreina" Aginagan eta Usurbilen aritu ziren grabatzen. Baita Orion, Oiartzunen, Donostian, Hernanin eta Tolosan. Sei asteko grabazioetan, 60 profesionaleko lan taldeak parte hartu zuen.
Zuzendaritza eta gidoia: Koldo Almandoz.
Aktoreak: Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elías eta Erika Olaizola.
Sinopsia: "Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia erakutsiko dizkigu. Periferia horretan, jatorri desberdineko pertsonak gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea, zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea. Khalil, industriaguneak, ibaiak eta padurak bat egiten duten hiriko periferian bizi den gazte deserrotua da. Khalilek ahal duen moduan egiten du aurrera eta ibai ertzeko etxea anaiarekin konpartitzen duen furtibo zahar batekin pasatzen ditu egunak. Mareek, paduraren uhertzean, maitasuna eta desamodioa, kidetasuna eta mendekuaren denbora markatzen dute".
Ekoizlea: Marian Fernandez Pascal.
Argazki zuzendaria: Javier Agirre Erauso.
Muntaia: Laurent Dufreche.
Musika: Elena Setien eta Ignacio Bilbao.
Arte zuzendaria: Mikel Serrano.
Soinua: Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador.
Makilaia eta ilea: Kizkitza Retegui.
Jantziak: Leire Orella.
Iraupena: 85 minutu.
Estreinaldia: 2018ko irailaren 28an.
"OREINA"