Jai parekide eta osasuntsuak, eraso sexistarik gabeko jaiak nahi dituzte Aginagan. Abiatzear diren San Praixkuei begira, eremu honetan bideratu duten lanketa plazaratu berri du Jai Batzordeak, “erasoen aurrean nola erantzun jakin eta jendeak inolako erasorik ez dela onartuko jabetu dadin”.
Ondoko kartelaren bidez azaldu dute puntuz puntu, zer egin, nola jokatu erasoren bat antzemanez gero. Lehenbiziko egin beharrekoa, "erasoren bat ikusiz gero, erasotuarengana jo eta laguntza behar duen galdetu".
Erantzuna baiezkoa bada, "lagundu eta txosna gunera gerturatu". Eta txosnan eraso baten berri eman bada:
1-Salaketa jasotzen duenak egiten ari dena utzi eta erasotuari kasu egin.
2-Arretaz entzun (azalpenak, beharrak...) eta ez jarri zalantzan egoera.
3-Leku fisiko seguru bat bermatu, entzun, lasaitu...
4-Erasoa identifikatu eta zehaztu.
5-Erantzuna eman: erasotzailearekin hitz egin eta argi azaldu ez dela halako jarrerarik onartuko. Gunetik kanporatu! Erasoaren berri eman inguruan (ahoz aho, mikroz...). Morborik ez, erasotuarekiko errespetuz!
Salaketak bideratzeko telefono zenbaki bat ere plazaratu dute. Honakoa: 629 615 609.