Eliza Zaharraren atariko balkoitik jaurtiko dute, Aginagako jaiak abiaraziko dituen txupinazoa

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 3a, 12:05

Aginaga parranda giroan murgiltzeko egun bakarra baino ez. Urriaren 4an ospatuko duten San Praixku egunarekin abiatuko dituzte urriaren 13ra arte luzatuko diren festak. Goizean jubilatuen hamaiketakoa izango den arren, jaiean abiapuntu ofiziala ostegun arratsaldeko 17:00etarako finkatu dute. Iaz bezala, Eliza Zaharraren atariko balkoian. Iaz bezala, gune honetatik jaurtiko dute txupinazoa

Iaz estreinakoz egin eta polita suertatu zenez, Eliza Zahar atariko balkoitik jaurtiko dute aurten berriz, pregoia eta brindisa ere izango dituen suziria. Falta direnak omentzeko tartea ere hartuko dute.

Falta direnen omenez

San Praixkuen hasiera ekitaldia omenaldi modukoan bihurtu zuten iaz. Oxkar Santamariak irakurri zuen pregoian ondo gogorarazten zuen bezala, "urte gogorra izan da herriarentzat". Denda mitikoena, Eiza ixtearekin batera, joandako aginagarrak gogoan hartuta hasi nahi izan zituzten San Praixkuak, hunkigarria izan zen isilunearekin. 

Baina jaietan egonik, irribarre egiteko arrazoirik ere bazel zioten; aginagar belaunaldi berria hain zuzen. Eskolan inoiz baino ume gehiago, arratsalde partean Aginaga Kaxkoan ere nabaria zen bizipoza... "Herri hau bizirik dagoen ikur nagusi", txupinazoan gogorarazi zutenez.

Xabier Aranburu, txupinazo jaurtitzaile

Eta segidan Xabier Aranburuk hartu zuen hitza. Aske geratu eta Aginagara, sorterrira itzuli zenetik urtea bete berri zuen. Aurreko urteetan bere bertsoak irakurtzeko modua genuen San Praixkuetako egitarauan. Iaz ez. Antolatzaileek oroitarazi bezala, "Xomorro" zuzenean entzuteko aukera izan zen. "Aupa agiñatarrok!"-ekin bota zituen, etxetik urrun pasatako 25 urteei edota San Praixkuei buruzko bertsoak. 

Bertsoak entzutearekin batera, txanpainak lagunduta topa egin zuten aginagarrek. "Heldu dela eguna, egun handia, urte luzez zain egon garen eguna. Munduko festa inportanteenen artean inportanteena, San Ferminak txiki uzten dituena". Denak festara gonbidatu eta Aginaga, agiñatarrak eta San Praixkuak goratzearekin batera, jaurti zuen txupinazoa Aranburuk.

AGINAGAKO JAIAK 2018

Urriak 4, osteguna: San Praixku Eguna

11:00 Meza nagusia.

12:00 Jubilatuen hamaiketakoa Aginaga Sagardotegian, bertsolariek alaitua.

17:00 Txupinazoa Eliza Zaharreko balkoian pregoi eta brindisarekin, txanpaina gure kontu!

Ondoren, poteoa eta buruhandi bizkor bizkorrak.

18:00 XVI. Gizonezkoen pilota finala.

19:30 Sardina eta sagardo dastaketa musikaz alaitua.

Bitartean, XXXVI. Toka Txapelketa herrikoia.

Urriak 5, ostirala: Umeen Eguna

10:00 Umeen jokoen hasiera.

13:00 Umeen bazkari goxo goxoa, mmm…

14:30 Umeen karaokea, eta noski, eguraldi bikaina gure zain.

16:00 Puzgarriak.

18:00 Txokolate banaketa eta buruhandi bizkor bizkorrak.

18:30 Ur zezenaren entzierroa, sagardotegitik irtengo da, prest?

Ondoren, apar festa!

22:00 “Oreina” filmaren proiekzioa Eliza Zaharrean. Koldo Almandoz zuzendariaren parte hartzearekin.

Urriak 6, larunbata: Gora Herria Eguna

11:00 Txosna irekiera eta trikipoteoa hamaiketakoarekin Eliza Zaharrean.

12:30 2019an Aginagan ospatuko den eskola txikien festaren logoaren aurkezpena.

13:00 Kalejira Dj Bull-ek alaitua.

14:00 Herri bazkaria. Sarrerak salgai Aginaga Sagardotegian: helduek 25 euro eta haurrek 12 euro.

Ondoren, Elektropapo elektrotxaranga.

Afalorduan, bokatak txosnan.

22:00 Dj Bull frontoian. Sarrera: 12 euro.

23:00 Akelarre frontoian. Sarrera: 12 euro.

02:00 Gozategi frontoian.

04:00 Dj Bull eta Dj Elepunto, Eliza Zaharrean eta karpan goizaldera arte.

Urriak 7, igandea: Erronka Eguna

9:00 Tiro platoa.

17:00 Herriko dantzari txikien erakustaldia plazan.

17:30 Herritarren arteko herri kirolak, gazteak helduen kontra!

19:00 Piper frijitu eta sagardo banaketa herriko plazan.

19:30 Globo aerostatikoan igoerak egiteko aukera izango da plazan, alaa….

Urriak 12, ostirala: Oilasko Biltzaileen Eguna

06:00 Oilasko biltzaileen irteera soziedadetik, indarrak hartu ondoren.

12:00 Oilasko biltzaile txikien irteera Mapildik.

15:00 Oilasko biltzaileen bazkaria frontoiko karpan.

17:30 Txan magoa.

18:30 Perkusio tailerra.

20:00 Patata tortila txapelketa.

21:00 Gazte afaria karpan.

22:00 Andoni Ollokiegi bakarlaria.

23:30 Oharkabe erromeria Eliza Zaharrean.

02:00 Dj Seymar.

Ondoren, Karaoke baldarra.

Urriak 13, larunbata: Gaupasa Eguna

12:00 Molto-moto lasterketa.

13:00 Tira txinas jaurtiketa.

16:00 XXXVII. Mus Txapelketa Atarialde Elkartean (izen ematea, 15:30-16:00 artean).

16:00 Partxis lehiaketa haurrentzat ludotekan.

17:00 Larrian Gozo taldea Eliza Zaharrean.

19:00 Elektrotxufla elektrotxaranga.

24:00 Los Zopilotes Txirriaos eta Laiotz.

04:00 Dj Txankleta eta Dj JoTaTxo.

07:30 Elektropapo elektrotxarangaren laguntzarekin errefus-bilketa!

Oharrak:

-Jubilatuen eskulanak ikusgai urriaren 4ean eta 7an goizez eta urriaren 4, 5, 6, eta 7an arratsaldez Apaizetxean.

-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.

-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, erantzukizun zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.

Antolatzailea:Aginagako Jai Batzordea.