Zubietan eraikitzen ari diren Gipuzkoako erraustegia geratzeko manifestazio handi eta bateratua iragarri zuten asteartean Donostiako udaletxean, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, Eguzki, Greenpeace, ERNAI, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, STEILAS, HIRU eta "No +Precariedad" eragileek. Hitzordua, urriaren 27an (larunbata). Arratsaldeko 17:00etan, Donostiako Mendeurren plazatik abiatuko da mobilizazioa, "Erraustegia gelditu!" lemapean.
Gogorarazten zutenez, azken urtean gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte mundu mailan. Haietako batzuen aipamena egiten du hain zuzen, manifestazioa iragarri denetik, mobilizazioa iragartzeko sare sozialetan barrena bolo-bolo dabilen kartelak.
Mexiko, Australia, Italia...
Hainbat kasu aipatzen ditu. Hango bizilagunak gure artean izan ditugunez, ezaguna izango zaigun Madrilgo Valdemingomezeko erraustegiarena. Hiriburu hartako Udalak aipatu "erraustegia ixtea erabaki du". Madrildik Europako beste hiriburu batzuetan hartu dituzten erabakien berri. Belfasten, "erraustegi proiektua bertan behera utzi dute epaileek" eta Italian hainbat proiektu bertan behera utzi dituzte. "Italiko gobernuak legea aldatu eta ez ditu baimenduko 12 erraustegi berri".
Itsasoz bestalde, "Mexikoko udal gobernu hautatu berriak erraustegi proiektua geldiaraziko du", eta Argentinan, "Buenos Airesek ezingo du hondakinik erre, auzitegiak lege aldaketa ezabatuta". Gugandik are urrunago ere halako proiektuen aurkako neurriak hartzen dabiltza. "Australian Sydneyko mega-erraustegi proiektua atzera bota dute, kutsaduragatik".
Eta artean, Gipuzkoan, Zubieta gainean aurrerabidean dira erraustegia eraikitzeko lanak.
AGERRALDIKO ADIERAZPENA
Gaur, Gipuzkoako hainbat eragile elkartu gara. Herritarroi mobilizazio jendetsu baterako deialdi bateratu bat luzatzera gatoz. Helburua: Gipuzkoako erraustegia gelditzeko eskatzea.
Gizartea anitza da eta deialdi hau ere horren lekuko. Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditu, eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoi asko eta anitzak daude. Baina aldarrikapenean, deitzaile guziok bat egiten dugu. Talde bakoitzak bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean; ingurumena, osasuna, ekonomia, jasangarritasuna, demokrazia, etorkizuneko Europaren bideari eta ekonomia zirkularrari eustea... Baina bada arrazoi bat gizarte osoak partekatu dezakeguna: Garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposaketarik onartzen ez dugulako, sinatutako kontratuari ez! Osasuna, ingurumena eta herritarren interesak lehenetsi! Erraustegia gelditu orain! Kontratua eten!
Horregatik guziagatik, eta agintean daudenak, herritarron nahia kontutan izan behar dutelako, aldarrikapen hau ozen entzun dadin, gaur hemen batu garen taldeok, hots Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, Eguzki, Greenpeace, ERNAI, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, STEILAS, HIRU eta "No +Precariedad"-ek, urriak 27, larunbata arratsaldeko 17:00etan, Donostiako Mendeurren plazatik abiatuta, "Erraustegia gelditu!" lemapean manifestazio baterako deia zabaltzen diegu herritar guziei.
Azken urte honetan, 2018an, eta arrazoi ezberdinak tarteko (osasuna, ingurumen baimenak, jasangarritasun ekonomikoa, legediaren errespetua, ...), atzerriko herrialdeetan, gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte. Eta estatu mailan beste 4.
Hemen ere posible da eta oraindik garaiz gaude! Gure etorkizunak eta ongizateak merezi duelako, gipuzkoarrok kalera atera behar dugu, erraustegia gelditu! Exigitzera.