Aginagako Guraso elkarteak begirale lan-poltsa osatu nahi du. “Aginagan antolatzen diren Gabonetarako, Aste Santurako, udako txokoetarako eta baita goizetako zaintza zerbitzurako ere”, berri eman digutenez. Kurrikulumak aginaga@eskolatxikiak.org helbidera bidali behar dira urriaren 26a baino lehen.
2019ko Eskola Txikien festa antolatzen hasiak
Ikasturte berezia dute honakoa Aginagako Eskolakoek. Gogoan izan, 2019ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Aginagan ospatuko da. Eguna finkatua dute, ekainaren 9an izango da jaialdia. Prestaketa lanak martxan dituzte jada. Jendaurreko lehen ekitaldia festetarako iragarri dute. Urtebete barru ospatuko duten jaialdiko irudi edo logotipoa aurkeztuko dute larunbat honetan bertan, urriaren 6an, 12:30etan.
Laguntza bilketa
Hurrengo ekaineko festa handi honi begirako laguntza biltzen ariko da eskolako guraso elkartea Aginagan abiatzear dituzten San Praixku hauetan. Hurrengo bi larunbatetan, kontzertu gau handien aurretik, mokadutxoa Aginagan janez gero, Eskola Txikia laguntzeko aukera izango duzue. Gurasoak bokatak sukaldatu eta saltzen ariko dira afalorduan, urriaren 6an eta 13an.