Euskaraldia atxikimendu eta izen emateak biltzen hasia da Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 4a, 08:22

Ez utzi biharko, eman izena ahal bezain laster Euskaraldirako. Gure hizkuntzaren erabilera areagotzeko ekimenarekin bat egiten hasiak dira jada usurbildarrak. Baita eragile eta talde desberdinak ere. Ondoko argazkia duzue horren guztiaren erakusgarri.

Edota Euskaraldia sustatzen ari den taldetik helarazi diguten datu hau; irailaren 21etik 23ra ospatu ziren Santueneko jaien baitan, Eli eta Patxik girotuta auzoan jarri zuten mahaian, eta ordubete pasatxoko tartean, 57 izen emate erregistratu zituzten. Haietatik 46 Ahobizi gisa jarduteko, beste hamaikak Belarriprest-en paperean.

Hori argi izan behar duzue, izen ematerakoan. Usurbildarra izan eta 16 urte beteak badituzu, Euskaraldian nola parte hartu nahi duzuen erabaki behar duzu:

Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Izen ematea: NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Potxoenean ditugun eskuorrietan. Bestela emailez edo Euskaraldiak abiatu duen web orrialdean.

Informazio gehiago:

usurbil@euskaraldia.eus

usurbil.euskaraldia.eus

Facebook: Euskaraldia Usurbil

Twitter: @EuskaraldiaUsur

Youtube: Euskaraldia Usurbil