N-634 errepidea moztu dute Troian, Usurbil seguru eta jasangarria nahi dutela aldarrikatzeko

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 4a, 15:16

Puntu beltzik gabeko Usurbilen aldeko eskaria plazara ez, errepideraino atera dute gaur, pentsio duinen alde Usurbildik Lasartera egin duten martxak. N-634 errepidea moztu dute goizean Troia parean, Usurbil seguru eta jasangarria nahi dutela aldarrikatzeko. Gogoan izan, Troiako pasabidea dela herrian dugun puntu beltzetako bat. Egunerokoan hainbat oinezko nahiz bizikleta erabiltzaileek baliatzen duten pasabide arriskutsua. Ibilgailuen joan etorria eta trenbidea zeharkatu behar baititu, Usurbildik Zubieta edo Lasarte-Oria aldera joan edo alderantzizko bidea egin nahi duenak.

Joan den martxoaren 17an aurkeztu zen jendaurrean, "Puntu Beltzik ez!" herri plataforma. Adierazpen honekin aurkeztu ziren herrian:

ADIERAZPENA

Herri jasangarria eta segurua nahi dugu!

Kezkatuta gaude Usurbildarrak. Kezkatuta eta akituta. Gutariko askok gure bizitza egunero arriskuan jarri behar izaten dugu lanerako edo ikastetxerako bidean, baita aisialdi ibilaldietan ere, pasabide oso arriskutsuak batere babesik gabe zeharkatzera behartuta gaudelako., Aspaldikoa da arazoa, baina urteak joan eta etorri konponbiderik gabe jarraitzen dugu berdin berdin. Eta jada oso haserre gaude.

 N-634 errepideak eta trenbide-sareak gure herria zeharkatzen dute alderik alde hainbat puntu beltz hilgarri sortuz. Duela hamarkada ugari eraiki zen errepide hori, eta Euskal Herria lotzeko pasabide sare garrantzitsuetako bat izan da. Gaur egun, ordea,bestelako errepide-sare batzuk eraikitzearen ondorioz, galdu egin du funtzio hori hainbat eta hainbat tokitan; Usurbilen, aitzitik, berdin antzera jarraitzen dugu. N-634 errepide zaharrak gure herrian trafiko-bolumen handia du oraindik ere, eta etengabekoa da egunerokoan ibilgailuen joan-etorria. Zarata, auto-istripuak,kutsadura, segurtasun eza... eragiten ditu eta, oinezkoen pasabideak kasik ez dira moldatu urte luze guzti hauetan. Errepide horrek, ez ditu gure herriko mugikortasun-beharrak asetzen.

Izan ere, azken hilabete luzeotan hainbat herritar eta udala eskuz esku aritu dira hausnarrean Usurbilgo espazio publikoaren antolamendu berria diseinatzen, eta mugikortasunaz ateratako ondorioek bat egiten dute gure haserrearekin:

* hainbat eta hainbat gune ez dira seguruak herritarrentzat, are arriskutsuagoak emakumeentzat, eta ez dira guztiontzat irisgarriak. 

* Gainera, gure inguruko herri eta hiriak bezalaxe, Usurbil motordun ibilgailuen mugikortasunerako soilik dago egituratuta. Eta hori oztopo handia zaigu beharrezko ditugun mugikortasun seguru eta sostengarriagoak (oinezko eta bizikletazko desplazamenduak adibidez) sustatzeko epe motz eta ertainean.

Bestelako alternatibarik ezean, oraindik ere gure bizia kinkan jarriz bai errepidea bai trenbidea gurutzatzera behartuta gaude herritarrak gure eguneroko joan-etorrietan. Eta ez dira gutxi, alajaina! Honako gune hauek, esate baterako:

  • Troiako pasabidea: komunikazio bide naturala da oinez nahiz bizikletaz Usurbildik Zubietara eta Lasartera edo alderantziz joateko. Errepidea eta trenbidea, biak gurutzatu behar dira jarraian urrenez urren batere babesik gabe. Egunerokoan herritar ugarik erabiltzen dute pasabide hori, nahiz eta segurua ez izan. Segurua ez izateak ekiditen du neurri berean jende gehiagok Usurbil eta Zubieta edota Lasarte arteko joan etorriak era sostengarriago batean egitea (bizikletaz edo oinez adibidez) 
  • Aginagari dagokionez, N-634 errepideak herrigunea bitan zatitzen du, eta horrek batetik bestera modu seguruan zeharkatzeko arazo ugari sortzen ditu. Abiadura gutxitzeko hainbat neurri hartu baziren ere, ez dira aski, eta, neurri gehiago eta eraginkorragoen beharra dago.
  • Txokoalderen kasuan, auzoko sartu-irteera, N-634tik, ez da batere segurua. Auzoan bertan, gainera, trenbide-pasagune arriskutsuak daude. Askotan gertatu ohi dira akatsak sisteman, eta, ondorioz, barrerak igo gabe geratu dira.
  • Herrigunetik Santuenera joateko, edo alderantziz, trenbidea gurutzatu behar da,derrigor. Aspaldiko eskakizuna da pasagune arriskutsu hori kentzea eta pasabide seguru eta irisgarri bat jartzea, baina inongo aurrerapausurik ez dugu ikusi.
  • Herrigunetik Ugaldeako industriagunera oinez joateko modu seguru eta irisgarririk ere ez dago, hain gertu egonagatik ere. Ilunpetan linternatxo bat eskuan duela bidea zebrabiderik gabe zeharkatu eta bidebazterretik oinez joaten denik ere bada.

5 adibide dira, baina adibide soil besterik ez dira argiki erakusten dutenak zer-nolako arriskua hartzen dugun herritarrok gure egunerokoan, errepidea edota trenbidea babesgabe gurutzatuz.

 Egoerak ezin du horrela jarraitu: haserre gaude jada. Pasatzen den egun bakoitzeko gure bizitzak beste behin arriskuan jartzea ekartzen digu. Gogorarazi nahi dugu, iazko urrian, Manuel Diaz usurbildarra hil zitzaigula Troiako pasagunean auto batek harrapatuta. Nor izango da hurrengoa? Ez dugu inola ere nahi horrelakorik berriro errepikatzerik.

Horregatik, instituzioei eskatu nahi diegu egoera honekin bukatzeko. Erakunde ororen lehentasuna behar du izan herritarron segurtasuna, eta, horregatik, gure segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak hartzeko exijitzen diegu Usurbilgo Udalari, eta bereziki Gipuzkoako Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari. Zentzu horretan;

1) Troiako pasabide berriari heltzeko eskatzen diogu ETSri, eta batez ere Gipuzkoako Diputazioari. Jakin badakigu ETSk baduela Troiako pasagunerako proiektu bat eta diputazioarekin liskarrak izan direla berriki honen inguruan. Ez dugu onartzen gure oinarrizko segurtasunarekin jolasean aritzea! Alderdikeriak utzi eta lan egin ezazue behingoz herritarren onura lehenetsita zuen interés politikoen gainetik. Halaber, plan bat eskatzen diogu ETSri gainerako pasagune arriskutsuak ere ezabatzen joateko.

2) N-634 errepidearen egoera eta funtzioa berraztertzeko eskatzen dugu. Gaur egun badira alternatibak errepide horrentzat, eta ez dago zertan zirkulazioa gure herrietatik bideratu. Horregatik, hainbat ibilgailurentzat neurri murriztaileak hartzeko eta zirkulazioa lasaitzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Gipuzkoako Diputazioari. Gure bizi kalitatea eta segurtasuna bermatzeko behar-beharrezkoak dira.

3) Erakundeen arteko elkarlana eta lankidetza exijitzen dizuegu, bai eta herritarrok bide-segurtasunean ditugun arazoei eraginkortasunez aurre egiteko politika publikoak ere. Esan bezala, alderdikeriak utzi, eta lan egin ezazue behingoz herritarren onura lehenetsita zuen interés politikoen gainetik.

Gaur aurkezten ditugun eskaerak hiru erakundeei bideratzeko nahia azaltzen dugu. Halaber, ETSrekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin biltzeko eskaerak egingo ditugu, gure eskaerak aurrez aurre entzun ditzaten. Gaurko agerraldia hasiera baino ez da. Gaur plazaratutako aldarriarekin ahalik eta usurbildar gehienek bat egitea nahiko genuke. Deia egiten dugu datorren ostegunean, hilak 22, ostegunarekin, bilera ireki bat egitera, gai honekin herrian zer antola dezakegun guztion artean erabakitzera. 19:00, Potxoenean. Gaurkoa hasiera baino izan ez dadila. Animo!

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA