Txupinazoa jaurtita, orain bai, ofizialki Aginaga jai giro betean izango da urriaren 13ra arte! Ondoko irudian duzuen emakume laukotea omenduz abiatu dituzte festak. Urte luzez, Aginagako herri giroa bizirik mantendu dute, isilpeko eta eguneroko lan gogorrari ekinez. Urte luzez, aginagarren bilgune izan eta ibilbide luzea jorratu ostean, erretiroa hartu duten tokiko merkatari eta ostalariak omendu dituzte San Praixkuen hasiera ekitaldian; Eiza eta Etxebestekoak.
"Ezkutuko lan ugari egindako emakume asko ditugu inguruan. Amantalarekin, etxe barruan egindakoez gain, herrian majina bat zerbitzu ederrik eman dizkigute. Denda, jatetxe, taberna, konfesatokia... Ez dute sekula familia aurrera ateratzeko indarrik falta izan. Bai, asmatu duzue, Eiza eta Etxebesteri buruz ari gara! Ez al da ba egia? Zenbat txutxumutxuren berri izan duzue bertan? Gaurkoan aitorpen xume bat egin nahi genieke, euren jarduna eten eta herritarrongan utzi duten zuloa zertxobait bete dezagun".
Iaztik txupinazioa jaurtitzeko gunea den Eliza Zaharraren atariko balkoira gonbidatu dituzte Eiza eta Etxebesteko langileak. Xabier Aranburu "Xomorro"-k haien omenez idatzitako bertsoak abestu dizkie Jai Batzordeak eta lore sorta bana jaso dute, bertaraturikoen merezitako txalo artean. Honatx Xomorroren bertsoak:
Gure Agiña txiki honetan
ikur izan dugu Eiza
lehengairen bat falta ezkero
edonorentzat geriza
horko emakume prestuengatik
jasoz tratuaren brixa
langile oso finak direla
antzeman liteke aixa
omenaldia eginda gero
txit merezi duten gisa
Etxebesten e emakumeak
ezin ditugu ahaztu
jana emanaz egin dute ta
bizimodua marraztu
Aginan eta agiñatik at
utziz hamaika arraztu
nork ez baititu inoiz ikusi
sukaldean eskuz esku
bertaratua bizkor zerbitzen
beti alai eta prestu
"Eman bizia Agiñari!"
Azken aldian aginagarren hainbat bilgune itxi dituzte. Eiza eta Etxebeste kasu. Testuinguru honetan, Aginagako herri bizitzarekiko kezka plazaratu du Jai Batzordeak, festak abiatzeko ekitaldian. "Pixkanaka Agiñan herri bizitza galtzen ari gara, dendak eta tabernak ixten", nabarmentzen zuten. Baina ez dute ezer egin gabe geratu nahi. "Horri buelta eman nahi diogu. Ez da nahikoa urtean behin festetan herritartasuna aldarrikatzea. Herrian baditugu soziedadea, Jai Batzordea, Antxomolantxa, jubilatuen elkartea edota eskolako guraso elkartea. Hauek urtean zehar herrigintza lantzen dute, Agiña bizirik mantentzen saiatzen dira. Hauek gabe Agiña hilda legoke. Hau ez gertatzeko, azaldu, parte hartu eta gozatu mimoz egiten diren ekintzekin. Eman bizia Agiñari!".
Bereziki, 2019ko ekainaren 9an Aginagan ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien Festari begira luzatu dute parte hartzeko gonbita. Urte oso berezia datorkiela oroitarazita, "laguntza beharko dugu egun hau aurrera ateratzeko, lan handiak ditugu aurretik. Baina dudarik ez dugu, festa bikain bat egingo dugu denon artean". Deialdi horretara batu da omenduetako bat ere. "Denok saiatu behar dugu laguntzen. Herri guztiak. Eskola hauek mantendu dira gu saiatu garelako. 9 umerekin geratu ginen eta saiatu gara eusten, umerik gabe herria tristea delako".
"Beraiei zor diegu orain garena"
Herri giroa bizirik mantentzen dutenak omendu nahi izan dituzte gaurkoan. Baita azken urtean hil direnak ere. Minutuko isilunea egin dute haien omenez, jaiak hastear zituztela. "Urteak badoaz, eta agiñarren esentzia, tradizioa eta historia bizirik mantentzen zuten belaunaldia, pixkanaka bizitzaren legez joaten ikustea mingarria da. Gure gertukoak, bere bizipen, istorio, historia zahar eta urrezko jakinduriaren jabe direnak, pena handiz uzten gaituzte. Nor garen jakiteko, nondik gatozen jakitea garrantzitsua da. Beraiei zor diegu orain garena", gogorarazi dute, minutuko isilunearen aurretik.
Festa giroan egonik, kontrapuntuan kokatu dute etorkizuneko belaunaldia. "Agiñako eskola umez betea dago, jaiotze berriak ere izan ditugu, pelikula ere grabatu zuten. Eta nola ez, gure pilotariaren debuta ere izan genuen ekainean". Omendu eta oroitzearekin batera, badute honenbestez zer ospatua Aginagan. Gaurtik hasita urriaren 13ra arte San Praixkuak!
OLYMPUS DIGITAL CAMERA