"Oreina" Aginagara itzuliko da gaur, proiekzioa 22:00etan Eliza Zaharrean Koldo Almandozekin

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 5a, 10:48

Iaz, garai honetan, film bat grabatzen aritu ziren Aginagan eta Usurbilgo hainbat tokitan. Oreina da aste haietako lanketaren emaitza. Koldo Almandozen lan berria Donostiako Zinemaldian eskaini dute lehen aldiz. Zine aretoetara irailaren 28an heldu zen. Eta gaur Aginagara itzuliko da. San Praixkuen baitan ostiral gau honetan (urriak 5) proiektatuko dute "Oreina" Eliza Zaharrean. Koldo Almandoz zuzendaria bertan dela gainera! Duela aste gutxi elkarrizketatu zuen NOAUA!-k Almandoz.

NOAUA! Film laburrak defendatzen pasa dituzu urteak eta urteak. Sïpo phantasma pelikula esperimentalaren ondoren, Oreina film luzearekin zatoz orain. Amore eman al duzu azkenean?

Koldo Almandoz. Bai. Hori da bizitza, behin eta berriro amore ematea. Oreina-ren filmaketan aipatu ohi genuen, zinea amore ematearen artea dela. Azkenean, beti ari zara amore ematen. Kasu honetan, film hau egitea tokatu zait baina Sïpo Phantasma eta Oreina-ren artean Plágan film laburra egin nuen. Datozenak ez dakit zer izango diren. Hala ere, Oreina egin eta gero ez pentsa zinegileago sentitzen naizenik.

Lehen aldiz, fikziozko film luze baten koordenadak jarraitu behar izan dituzu, aktore talde bat zuzendu... Nolakoa izan da esperientzia?

Laburretan ere antzeko lanetan aritu behar zara baina ez horrenbesteko garapena duten istorioetan eta ezta hain denbora luzean. Niretzat erronka bat izan da. Azken batean, pelikula “konbentzional bat” egiteko gai nintzela ere frogatu nahi nuen. Bestela, muturreko lanak egiten zabiltzanean, hori ere ohikoa bihurtzen da eta erosotasun batean erortzeko arriskua dago. Frogatu nahi nion nire buruari halako zerbait egiteko gai nintzela eta gogoz ekin nion. Asko ikasi dut pelikula hau egiten baina tentsio nabarmenarekin bizi izan dut.

Elipsiak ugari dira. Jose Ramon (Patxi Biskert) kartzelan egon da baina ikusleari ez zaio azalpen askorik ematen. Urruntze agindu bat du Martinek (Ramon Agirre) baina, kasu honetan ere, ez da zergatia azaltzen. Esaten dena bezain esanguratsua da esaten ez dena. Agerikoa baino esanguratsuagoa da ezkutukoa.

Nik ez nuke hobeto esango. Hala da. Hori zen asmoa. Horrelako proposamen batek ikuslearen partehartzea eskatzen du; bere intuizioa jokoan jarri, filmaren hariak bere kabuz lotu ditzan. Ez zait hainbeste interesatzen gauza guztien zergatiak azaltzea, edota bizitzan berebizikoak diren dramak erakustea. Pelikularen asmoa da bizitzaren egunerokotasuna azaltzea.

Errealizazioa ere ideia horretara egokitu duzu. Isiltasuna beste elementu bat da, beste protagonista ozen bat.

Isiltasun horretan mezu asko daude. Khalil eta Joanaren arteko harremanean hitzik ez dago ia, baina gauza asko gertatzen dira. Begira, zinema aretora joan eta tontotzat hartzen nautenean haserretu egiten naiz. Berdin antzerkian, artean edo literaturan. Askotan iruditzen zait hainbeste azpimarratzen dizkidatela gauzak ez didatela ikusle bezala partehartzen. Kasu honetan, filma saiatzen da partehartzaile izaten; horrek batzuentzat izan dezakeen arriskuarekin. Film honetan gauzak ez dira ixten. Irekiak geratzen dira eta jendeak beldurra dio gauzak ez ulertzeari.

“Zinea gezurra da baina nik purutasun sentsazioa transmititu nahi izan dut”

NOAUA! Dekoraturik behar ez duen parajea da Aginagakoa. Baten batek pentsatuko du paduran ageri den txalupa abandonatua zuek ipini duzuela propio. Kasu honetan, trama bezain garrantzitsua da ingurunea, ezta?

Koldo Almandoz. Lanbide Institutua Zubietakoa da, taberna Aginagakoa da eta gasolindegia berdin, pelikulako etxea eta txalupa ere bertan zeuden... Ez dugu zigarrokinik kendu errepidetik. Egiazkotasunaren alde, lokalizazioak ahalik eta gutxien ukitzen saiatu gara. Gazteak ageri diren auzoa ere Usurbilgoa da (Santuenea). Zinea gezurra da baina nik purutasun sentsazioa transmititu nahi izan dut.

Hain gertu egonik ere, askorentzat toki ezezaguna izango da Aginagako padura. Oso erakargarri ageri da pelikulan.

Bai, hala da. Paduraren izaera nabarmenduko nuke. Egunean bi marea jasaten ditu eta oso aldagarria da. Ederra da hori, denbora gutxian ikusten duzulako nola aldatzen den. Lokatz eremua dena sekulako ur eremua bilakatuko da ordu gutxira. Horrek ere eragina du faunan eta giza jardueran. Bestetik, bertan badira animalia autoktonoak, badira animalia migratzaileak, badira kaiolatuak sentitzen direnak eta alde egin nahi dutenak....

Eta gizakiak.

Hori da. Gizakiak ere ekosistema horretako parte dira. Eskualde honetan, Euskal Herrian, Kantabrian edota Asturiasen ematen den paisaia mota bat dela esango nuke. Periferia bitxiak dira, non hiri erdigunetik bizitza basatienera oso distantzia laburra dagoen. Hiri erdigunearen ondoan dago industriagunea, industriagunearen alboan baserria, baserriaren aldamenean basoa...

“Aginagako parajeak jarri ninduen gidoia idaztera”

NOAUA! Paduran ez ezik, hiri edota herri guneen periferian mugitzen dira pertsonaiak. Oso gertu daude natura eta industriaguneak.

Koldo Almandoz. Eta zer nolako jendea bizi da bertan? Ba al dugu horren berri? Usurbilgo auzoa, adibidez (Santueneaz ari da). Gidoia idatzi genuenean ez genekien eta lokalizazio bila hurbildu ginenean ikusi genuen jende pila bat zapiarekin jantzia. Familia saharauiarrak, familia magrebtarrak bizi dira bertan. Inguru honetan, belaunaldiz belaunaldi baserria izan dutenen seme-alabak etorri berri direnen seme-alabekin jokatzen dute orain saskibaloian.

Laulad Ahmed aktorea bera saharauiarra da. 8 urterekin etorri zen Donostiara eta ikastolan ikasi zuen. Hark ere bizi du kontraste hori. Hemengoa sentitzen da baina... Pelikulan gertatzen dena gertatu izan  zaigu elkarrizketa batzuetan. Kazetariek galdetu izan diote, pero tu sabes euskara? Ostia, pelikulan euskaraz mintzo da. Baina beltzarana denez... Pe- likula honekin erakutsi nahi nuen jende hori jada hemen dagoela. 

Gidoiak eraman zintuen Aginagara edo Aginagako padurak jarri zintuen gidoia idaztera?

Bigarrenetik du gehiago. Errepide horretan gora eta behera ibiltzen nintzen autoan eta ideia horrela sortu zitzaidan. Etxe batean fijatu nintzen. Bitan banatuta zegoen. Erdi bat oso zaindua zegoen eta beste erdia zeharo hondatuta. “Zer jende klase bizi da hemen?”, nire artean, teilatua konpontzeko adostasunera ez iristeko. Bestetik, istorio bat kontatu zidaten, bertan bizi zen tipo batena. Hari horiek denak lotuz hasi nintzen gidoia idazten. Beraz, esan daiteke tokiak eraman ninduela gidoia idaztera.