Azken Akelarre gaua larunbatean Aginagan: "Saio hunkigarria eskainiko dugu"

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 5a, 10:32

Iaz 30 urte bete ziren Usurbilgo frontoian “Gauero” diskoa zuzenean grabatu zutenetik. Urtemuga honen harira, pare bat kontzertu ematea bururatu zitzaien. Burutazioak ordea, aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Kontzertu sorta bat eskaini zuten iaz, zaletuen eskakizunei erantzunez beste hiruzpalau aurten. Eta orain bai, itzulerako bira amaitutzat erabaki dute. Azken saiorako, bizipen ugari eta oroitzapen gozo gehiago dituzten Aginagako jaietako plaza hautatu dute. Azken kontzerturako prestatzen ari den Akelarre taldeko kide beterano Markos Juaristi elkarrizketatu dugu lerrootan. Gogoratu, sarrerak Usurbilgo Aitzagan, Aginaga sagardotegian eta Orioko Kolon Txiki tabernan eskura ditzakezue. Akelarrerekin batera, Gozategi, Dj. Bull... Goizalde arte parranda giroa ziurtatua Aginagan!

Aginagakoa azken kontzertua izango da, behin betiko agurra beraz?

Markos Juaristi:Gure asmoa, iaz emandako kontzertuak eskaintzea zen. Baina hainbat herri eta komisio kontzertu eske geratu ziren. Hala hasita, sekula ez genuela bukatuko pentsatu genuen. Gainera 11 musikari ginen bi teknikarirekin eta 13 pertsona ados jarri beharra zegoen. Bakoitzak bere ibilbide profesionala du eta bere konpromisoak. Nahiko zaila ikusten genuen. Baina batzuk gogotik saiatu ziren eta bukaera emateko, azkenean aurtengo hiruzpalau kontzertu hauek egitea erabaki dugu.

Eta Aginagakoarekin kito beraz.

Beti daude zaletu batzukzergatik bukatu?galdetzen digutenak. Badira urtean kontzertu bat edo bi izatea eskatzen dutenak. Batzuk pentsatzen dute urtero elkartzeko asmoa dugula. Gure asmoa ez da hori, Aginagako kontzertuarekin bukatutzat ematea baizik.

Iazko itzulerarekin argi geratu da, zaletuek mundua mugi dezaketela?

Bai, gainera sare sozialekin gaur egun beste modu batera komunikatzen gara. Inpaktu potente bat dugu. Hasten dira zaletuak batak besteari burua berotzen, elkar animatzen dira. Batzuk ikusten dute, kontzertuetarako sarrera guztiak saltzen badira errentagarria aterako dela. Azkenerako sokatik lotu eta tira egiten dute.

Aginagan azken kontzertua. Esanahi berezia du agurrerako plazak? Edo hala suertatu da?

Hala suertatu den arren, Aginaga izan da leku bat urtero izaten ginena bere garaian, urriko jaietan. Herri eta leku batzuk gehiago markatzen zaituzte. Agurrerako leku aproposa da.

Lotura estua izan duzue Usurbilekin ere. Iaz bete ziren 30 urte, zuzeneko disko bat grabatu zenutenetik frontoian. Nola oroitzen duzu une hura?

Urtemuga horretatik sortu zen oraingo itzulera. Disko grabazio hartatik 30 urte bete zirela eta, ondo legokeela berriz halako zerbait egitea. Azkeneko zortzi musikariak eta garai hartako 3 elkartu eta revivaltxiki bat egitea. Garai hartako errepertorio zabalagoa egitea pentsatu genuen. Planteatu genuen Usurbilen baina ez zen ateratzen eguna.

Garai hari keinu bat egingo diozue Aginagan?

Bai. Garai hartako boskotea agertuko gara eskenatokian eta saiatuko gara lehengo bertsio horiek ezpiritu berdinarekin egiten. Helduagoak gara orain eta orduan beste txispa eta energia izaten genuen. Baina bai, orain pentsatzen dut nik lauzpabost kanta garai hartakoak abestuko ditugula.

Duela 30 urte Usurbilen grabaturikoak oihartzuna izan zuen taldearen ibilbidean.

Gure jarraitzaileen artean disko hartako abestiak oso estimatuak izaten ziren. Disko hark iraun du urteetan zehar, hor egon dira beti plazetan. Beti harrera ona izan dute. Esker oneko kantak izan dira horiek.

Zuena ibilbide luzeko taldea izanik, betiko jarraitzaileak alboan izan dituzue itzuleran, baina haiei lehen aldiz zuzenean entzun zaituzten gaztetxoak batu zaizkie. Nola bizi duzue belaunaldi nahasketa hau?

Bitxia da. Lehen ere, plazetan adin guztietako jendea egoten zen sarritan. Gure aurrean zeuden gazteak ezkonduta haurrekin etortzen ziren, eta gero, haur horiek gurasoei esker entzun dute errepertorio hori. Harridura sortzen zigun eskenatokitik gazte eta nerabeak ikusteak, eta abesten gainera. Garai bateko jarraitzaileen seme-alabak izango dira? Harridura sortzen dizu. Baita denak mugikorrekin grabatzen ari direla ikusteak. Plazak argi puntu txuriez ikusten dira, nola aldatu den. Pentsatzen dugu, gozatzen ariko direla uneaz, gero gozatu nahi dute grabazioarekin edo Akelarreren kontzertuan egon direla erakutsi.

Plaza giroa aldatu da noski?

Lehen pare bat tragorekin gozatuko zuten bere modura. Orain denek mugikorrekin. Badirudi desagertu behar garela bizi osorako eta aprobetxatzen ari direla azken segunduak edo minutuak mugikorrekin iruditan biltzeko. Gazteak abesten ikusteak harridura sortzen digu. Entzun dute hor ibili garela burrunba egiten bere garaian eta kuriositatez begiratzen dute.

Pozgarria izan behar du, hainbeste urte pasa ostean, zaletuak zuetaz ez direla ahaztu ikustea.

Hunkigarria da, kantak berriro jotzeagatik jendeak nola eskertzen gaituen ikustea eta taldea berriz batuta agertzea. Ikusten dugu egin dugun horrek zerbaiterako balio izan diela batzuei, bizia alaitu diote uneren batean. Oroitzapenak ekartzen dizkie burura. Orokorrean jendea oroitzapen onekin gogoratzen da, hala azaltzen dizu aurpegian. Estima hori sentitzen dugu. Erantzun hori herri ezberdinetan ikusi dugu. Jarraitzaile benetan fidelak izan ditugu. Zaletu gehiago edo gutxiago izan, gogo eta kalitate berdinarekin saiatu izan gara beti barruan duguna ematen.

Emandakoa ari zarete jasotzen beraz.

Gu beti nahiko demokratak izan gara eta dena denen artean erabaki izan dugu. Harreman ona dugu taldean. Urtero mantendu izan dugu gure harremana hasierako kide guztiekin, beti egin izan dugu elkarren berri izateko bazkaritxo bat sagardotegian. Harreman hori eta izpiritu ona mantentzen dugu, hori da talde batek duen gauza garrantzizkoena. Gure politika beti izan da, taldean jarraitu nahi zuenak indarrez jarraitzea, utzi nahi zuenak animu onarekin uztea. Filosofia horrek ondo funtzionatu zigun. Hori eskenatoki batean transmititzen da. Jendeak hori ikustea estimatzen duela dirudi.

Urriaren 6an azken kontzertuaren atarian, azken entseguak. Nola bizi dituzue azken egunok?

Bakoitzak bere modura. Entseguak bakoitzak bere etxean egingo ditu. Bakoitzak zentzu profesionalean hartuko du bere lana, etikoki badakigu zer eman behar dugun. Inork ez du bestea baino gutxiago izan nahi eta denok ematen dugu errepertorio guztia prestatuta.

Lehen genuen erraztasun hori falta da, beti duzu zalantza puntu gehiago. Baina jotzen hastean, musikak magia hori du. Gero artikulazio eta hezurretan nabaritzen den arren, jotzeko unean penak eta minak kentzen dizkizu.

Agurrera begira…

Abesti bat agurrerako?

Kanta asko etortzen zaizkit burura. Kanta sorta bat esango nuke. Oroitzen dut diskoa grabatu genuenean Usurbilen, jendearen erantzuna zuzenean, indar harekin, frontoiko soinu hark egiten zuen efektua. Jende guztia bat eginda.

Mikrofono aurrean, agurtzeko unea. Zer esan eta nori?

Lehenengo jendeari eskerrak eman bihotzez. Esan barruan dugula estima hori sartuta, eskertzekoa dela. Baina sekula ez dugula esango agur. Baizik beste bat arte. Ondo ibili bitartean eta tokatzen bada, ikusiko gara berriro.

Agurraren ostean, nola nahi zenuke oroitua izatea Akelarre?

Pentsatzea, zintzotasun, umiltasun eta inongo prententsiorik gabe ahalik eta ondoen, gogotsu egiten saiatu ginela geure mailan eta geure garaian. Garrantzia berdina ematen geniola, publikoan bi pertsona edo bi mila zeudenean. Euskararekin konprometitu ginen eta azken egunera arte mantendu genuen hori. Beste hizkuntzetan, ingelesez edo frantsesez jarduteko eskaintzak izan genituen. Baina esan genuen gure bidea hau zela, hemen jotzen genuela, hemengoentzat.

Kontzertura ez doanak, zer galdu dezake urriaren 6an Aginagan?

Saio hunkigarria eskainiko dugu. Saio sentimentala izango da. Askotan kanta askok sorrarazten diote malkoa jendeari. Kontzertura ez doanak hori eta taldearen azkeneko irudia galduko du. Hori gorde nahiko du jendeak. Ikusiko gaitu aldatuagoak. Zaleek ere eboluzionatu dutenez, ikusi nahiko dute guk ere nola eboluzionatu dugun. Antzekoak gara baina ez berdinak. Musika betiko indarrarekin ikusiko du. Gu aldatzen gara, baina musikak bere magia gordetzen segitzen du. Batzuk lotzen dute soinu bolumena bere gaztaroarekin. Zahartzaroan ere posible da hori ematea. Badirudi pop-rockean 40 urtetik gora zaharra zarela musika estilo hori jorratzeko. Orain, zorionez, Europan sortzen dira abeslariak 70 urterekin hau egiten eta normal gisa ikusten da. Oso beharrezkoa da ikuspuntu horiek aldatzen joan eta ulertzen joatea. Rock-a bihotzean sentitzen denean ez du adinik.