Gipuzkoako Eskola Txikien jaia Aginagan ospatuko da datorren urtean. 2019ko ekainaren 9an igandea, zehatz esanda. Ikasturte osoa dute aurretik baina eskolako hezitzaileak eta gurasoak antolaketa lanetan dabiltza burubelarri. Gaur jaiaren logotipoa aurkeztu dute Aginagako eskolaren atarian. Irudian ikusi daitekeen moduan, kolore urdina da nagusi.
"Urte honetan lan asko izango dugu aurretik eta ongi etorria eta eskertua izango da denon laguntza", adierazi dute eskolako kideek. Logotipoaren aurkezpenari amaiera emateko, Aginagako Eskola Txikiko haurrek dantza bat eskaini dute logotipoaren aurrean.
Ekainaren 9ko egunari begira, kamisetak eta jertseak egin dituzte. Kamisetak 12 eurotan daude salgai; jertseak 20 eurotan umeentzat, 25 helduentzat. Logotipoaren aurkezpena egin eta berehala, salmenta puntua gainezka zegoen.