Arantxa Urretabizkaia, liburutegiko irakurketa topaketako datorren gonbidatua

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 9a, 09:20

Urriaren 24an ospatuko den Liburutegien Egunean bisitari ezaguna izango du Sutegik. Arantxa Urretabizkaia idazlea gonbidatu dute egun horretan, 19:00etan liburutegira. Hondarribiko alarde parekideari lotutako bere bizipenez diharduen “Bidean ikasia” liburua ahotan hartuko dute Euskarazko Irakurketa Topaketaren edizio berrian. Yolanda Arrietak gidatuko du saioa. Urretabizkaiaren liburua aurrez irakurri nahi baduzue, liburutegian bertan duzue eskuragarri.

Ondoko bideoan duzue "Bidean ikasia" liburuari buruzko xehetasunak eskaintzen egilea bera, Arantxa Urretabizkaia, Donostian 2016. urte amaieran eginiko aurkezpen ekitaldian, Pamiela etxeak grabaturiko bideoan.

Pello Añorga liburutegian

Urriaren 17an itzuliko da ipuin kontalari eta idazle ezaguna Sutegi udal liburutegira. 6 urtetik gorakoei zuzendutako saioa eskainiko du 18:00etan hasita, Usurbilgo Udalak antolaturiko ekitaldiaren baitan.