"Donostiako Udala txanpon eta etxe batzuen truke saltzen ari da Zubieta"

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 10a, 12:14

Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzeko EHBilduk udalbatzarraren irailaren 25ko osoko bilkuran aurkeztu eta gehiengo osoz onarturiko mozioaren lekuko izan ziren zenbait zubietar, tartean, Herri Batzarreko ordezkariak. Udal ordezkarien adierazpenak entzunda, hitza hartzeko aukera izan zuten. Zubietako egungo alkate Nartxi Arrillagak mozioa aurkeztu eta onartzearekin, "guri arnas pixka bat ematea eskertzekoa da" zioen. 

Baina ulertezintzat zeritzon, udaleko oposizioko kideen jarrera. "Desmilitarizazioaren alde bagaude, kuartela ez da inon behar. Eskaria egin zaie (Donostiako Udalari buruz ari da) kuartela Zubietan kokatzeko, zergatik ez eskatu kentzea denok ados bagaude?". 

Hitzartua dutena betetzeko eskaera

Haserre adierazi zuen, eta gogorarazi, bai Donostia zein Usurbilgo Udalek zubietarrekiko dituzten betebeharrak. Bi udalek eta Herri Batzarrak arautua dute, Zubietan egingo den edozer aurrez jakinaraztearena, zubietarrak kontuan hartuta beti ere. "Derrigortuak daude informatzera eta gu entzutera". Bestelakoa da ordea bistan denez, egungo errealitatea. Ikusi besterik ez da, Zubieta gainean kokatzen ari diren Gipuzkoako hainbat azpiegitura; erraustegia, makrokartzela lehen, militarren kuartela...

Fernando Iturraldek laburbildu zuen egungo panorama. Donostiako Udala zubietarrekiko Judasen papera betetzen ari dela zioen. "Txanpon eta etxe batzuen truke saltzen ari da Zubieta".