Azkenean bai, Zubietan kartzela eta gizarteratze zentroa eraikiko dituzte

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 10a, 13:45

Zubieta mintzagai asteazken honetan, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, espetxearen harira. Azkenean bai, Espainiako Gobernuak Zubieta gainean, tamaina txiki-ertaineko espetxea eta gizarteratze zentroa eraikiko dituela iragarri du barne ministro Fernando Grande-Marlaskak.

Lehendik egin izan duten moduan, EAJ-ren diputatu taldeak eraman du gaia Kongresura asteazken honetan, Espainiako Gobernuari egin zaion kontrol saiora hain zuzen. Mikel Legarda diputatu jeltzaleak Martuteneko espetxea noiz itxiko duten galdetu dio barne ministroari. 

"2005ean Barne Ministerioak eta Donostiako Udalak Martueneko espetxea ixtea adostu zutenetik, 13 urte igaro dira eta nahiko interpelazio, galdera eta mozio aurkeztu du talde parlamentario honek. Kartzelak oraindik han segitzen du, Monterrosoren dinosauro ezagun haren antzera. Noiz itxiko duzue kartzela?".

Albiste honi erantsitako bideoan duzue (erdaraz) barne ministroaren erantzuna. Baietz erantzun dio Grande-Marlaskak EAJ-ren galderari. Martuteneko espetxea itxiko dutela, Zubietakoa eraikitakoan. Azkenean Zubietan 200-300 presorentzako kartzela eta gizarteratze zentro bat eraikiko dutela iragarri du. Espainiako Gobernua itxi, lekuz aldatu edo berregituratu beharreko espetxeen gaineko plan bat lantzen ari dela adierazi du barne ministroak. Mercedes Gallizo buru duen departamenduak aipatu egitasmo hau laster ezagutaraziko dutela.  "Aurreratu dezaket, Martuneneko espetxearen itxiera berrikuntza nagusietakoa izango dela", iragarri du. Eta abuztuan bestelakorik zabaldu zen arren, azkenean, gizarteratze zentrorarekin batera, espetxe berria eraikiko dela Zubietan "ahal bezain laster".

Ez aurrez iragarria zegoen makrokartzela, tamaina erdi edota ertainekoa baizik. "Espetxe berriak 200-300 plaza artean izango ditu, prebentibo egon edota zigorra betetzen ari diren presoentzako. Zentro txiki-ertaina izango da, dauden beharrekin bat datorrena". Hirugarren graduan direnentzako, neurri alternatiboen betearazpenerako gizarteratze zentroa ere eraikiko dela ziurtatu du. Data zehatzik aurreikusi ez duten arren.

"Ez duzue zehaztasunik ematen"

Erantzun honen aurrean mesfidati agertu da EAJ. Espainiako Gobernuak Zubietarako dituen asmoen berri ez zaiola hainbeste axola nahiko argi utzi dio Legardak Grande-Marlaskari. "Galdetu dizut Martutenekoa noiz itxiko duzuen, ez hainbeste noiz eraikiko duzuen espetxe berria", adierazi dio barne ministroari.

Galdera egin aurretik bezala geratu dela adierazi dio Legardak. "Berriz ere ez dizkiguzue zalantzak argitzen, ez duzue zehaztasunik ematen eta Martuteneren itxieraren data zehatzaren berri izan gabe jarraitzen dugu. Denbora asko daramagu Martuteneko espetxea laster itxiko dela entzunez, baina une hori ez da sekula heltzen".

Martuteneko espetxearen egungo egoera prekarioa eta atzean duen historia iluna gogorarazi dio EAJ-k Espainiako Gobernuari. "Ministro jauna, Martuteneko problematika ezagutzen duzu. Espainiako zaharrenetarikoa da. Francok inauguratu zuen eta bertan gogor erreprimitu zuten euskal nazionalismoa". 

Horrekin batera, zioenez, "gutxien eguneratu den kartzeletarikoa da. Intzidentzia urbanistiko nabarmena du kokagunean. Ministro jauna zuek urteak daramatzazue gobernuan, Martuteneren itxiera atzeraezina den beharra dela onartzen". 2005. urtean jada,  kartzela hau desagertu behar direnen artean kokatua zuela Espainiako Gobernuak, "espetxe zigorren gizarteratze helburuak zalantzan jartzeagatik".

Eskumen eskaera

Urteotan labur, gai honi buruz Espainiako Gobernuak esandakoak gogorarazi ditu Legardak. Hasieran makrokartzela eraikiko zela Zubietan, gero espetxerik ez, gizarteratze zentro bat, orain tamaina erdi-ertaineko espetxea eta gizarteratze zentroa. "Denetarik esan diguzue eta ez da ezer bete sekula. Duela 13 urte baino askoz okerrago gaude". 

Testuinguru honetan eskaera argia luzatu dio Legardak Espainiako Gobernuari. "Ministro jauna, zerbait egin Martutenerekin edota askoz hobeto, transferentziak Euskadira eskuz aldatu Gernikako Estatutuak finkatua duen moduan".

Grande-Marlaskak Martuteneko espetxea itxi eta Zubietakoa eraikitzeko konpromisoa berehalakoa dela erantzun dio, baina data zehatzik ezin diola adieraziz.