Erraustegia geratzea ez zen delitua izan

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 10a, 17:41

Ondoko irudi historikoak bost urte betetzear ditu, 2013ko azaroaren 13koa. Garai hartako Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) eta Zubietako errauste planta eraiki asmo zuten enpresa taldea biltzen duen UTE Gipuzkoa CGR elkarri eskua emanda ageri dira ondoko irudian. Urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoari bidea ematea, erraustegiko lanak bertan behera uztea adostu zuten. Honatx akordio haren puntu nagusiak:

-Amaitzea formalki bi aldeen arteko kontratu harremana, eta ondoriorik gabe uztea Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua.

-Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri honako zenbateko hau ordainduko dio: %3 eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta %3 CGRk proiektatutako planten ustiapenaren lehenengo bost urteengatik.

-Eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabazien ondoriozko ordainketa 6.690.000 euro da; ustiapeneko lehenengo bost urteen ondoriozkoa, berriz, 1.500.000 euro.

-Ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri ordainduko dion zenbatekoa, kontratua amaitzeagatik eta Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteagatik, 8.190.000 euro izango da.

Akordio hori bi aldeek erakutsitako borondate onari esker lortu da, gipuzkoarron mesederako lan egiteko bion jarrerari esker".

Epaitegia salatzaileen aurka

2015eko foru hauteskundeetan gobernu aldaketa gauzatu eta egungo agintariek erraustegiaren proiektuari berriz heldu ostean, iaz, EAJ eta PSE agintean dituen egungo GHK-k argazki horren albo banatan dituzuen ordezkari politikoak auzitara eramatea erabaki zuen; garai hartako GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin 

Erraustegia eraikitzeko kontratua etetean, hainbat enpresei kalteordainetan emandako dirutza bere gain hartu eta diru hori itzultzea eskatzen zien GHK-k, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiari eta GHK-ko Administrazio Kontseiluko kide eta aurreko legegintzaldiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkini.

Kalte ordainetan emandako dirua soilik ez, erabaki horrek izandako eraginen kostua ere bere gain hartzea eskatzen die GHK-k: Inbertsioen Europako Bankuak emandako finantzaketan izandako galera, edota hilero 600.ooo euroko SWAP-ek eragindako galerak, GHK-tik diotenez. Guztira, 40 milioi eurotik gora.

Apirilaren 12an epaitu zituen Intxaurrandieta eta Errazkin Espainiako Kontu Auzitegiak. Fiskaltzak eta egungo GHK-k 40 milioi eurotik gora ordaintzea eskatzen zieten, 2013an erraustegiko obrak eteteagatik. Asteazken honetan, urriaren 10ean epaitegiek arrazoie eman diete Errazkini eta Intxaurrandietari.

Babes zabala jaso dute

Intxaurrandieta eta Errazkin, egungo GHK-ko agintariek eraman zituzten auzitara. Ordutik hainbat alditan jaso dute babes zabala. Albistea iazko udazkenean eman zen ezagutzera. 2011-15 legegintzaldiko Foru Aldundian lan taldean izan zituzten kideen babesa jaso zuten, haien aurkako ekimen juridikoak salatzearekin batera. Harrotasuna adierazi zuten hondakinen kudeaketan egindako lanagatik eta emandako urratsengatik. "Mandatu argia eman zitzaigun: erraustegia geldiaraztea, eta zaborrak kudeatzeko alternatiba bat aurkeztea", zioen agerraldietako batean, Ahaldun Nagusi ohi Martin Garitanok. 

"Auzi honetan ez zarete bakarrik egongo", adierazi zieten Buruntzaldeko (tartean Usurbilgoak) EHBilduko gaurko eta atzoko udal ordezkariek. "Argi geratu da ez dutela eskrupulorik haien intereseko makroproiektuetan oztopo izan daitezkeenak erasotzeko. Eta hori mendeku gosea besterik ez da".

Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik ere erabateko babesa adierazi zieten Intxaurrandietari eta Errazkini. "Lerro hauek baliatu nahi ditugu mugimenduaren babesa, maitasuna eta sustengua adierazteko Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Herritarren hautua bete zenuten, erabaki zuzena hartu zenuten eta gainera adostutako indemnizazioak ordaindu ziren, legeak eskatzen zuen bezela. Lurraldeari dirutza aurreztu zenioten gaindimentsionatuta zegoen proiektua atzera botaz, osasuna bermatu zenuten, eskerrak ematen dizkizuegu horregatik".

Kalean ere hainbat mobilizazio egin dira azken hilabeteotan. ERraustegiaren aurka egin diren ekimen ezberdinetan adierazi  izan zaie babesa Intxaurrandietari eta Errazkini.  Apirilaren 12an esaterako, elkarretaratze burrunbatsuak egin zituzten, Intxaurrandietaren eta Errazkinen aurkako epaiketa egunean. Usurbilen bertan egin zuten mobilizaziootako bat. Eta handik gutxira, apirila amaieran, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin absolbitzearen aldeko mozioa onartu zuen Usurbilgo udalbatzak, bi auziperatuei babes osoa adieraztearekin batera. Mozioa EHBilduk aurkeztu zuen eta gehiengo osoz onartu zen, koalizioko ordezkarien babesarekin soilik. PSE eta EAJ-ren ordezkariek aurka bozkatu zuten.

Duela hilabete, erraustegia geratzen lagundu edota alternatibak martxan jarri zituzten ordezkari politikoak eskertu eta omendu zituzten erraustegiaren aurkako eragileek irailaren 23an Zubietan, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolatu zuen buzo zurien martxaren aurretik. 

Ainhoa Intxaurrandieta: "Gauzak ondo egin zirenaren konbentzimendua dugu"

Negu eta udaberri partean Gipuzkoa herriz herri zeharkatu duen Gipuzkoa Zutik mugimenduaren "Angula ustelak" hitzaldi ziklo eta elkartasun birak erraustegiaren atzean dagoenaz ohartarazi nahi zuen. Usurbilen eskaini zuen hitzaldiaren bezperatan, Intxaurrandietak berak NOAUA!ri adierazi zionez, "Gauzak ondo egin zirenaren konbentzimendua dugu". 

Berrikiago, irailaren 23an Zubietan egindako eskertza ekitaldian hartu zuen hitza Intxaurrandietak. Gogorra izaten ari da, baina zuen babesarekin tinko eta aurrera egingo dugu zalantzarik gabe", zioen. "Soldatak enbargatuko dizkiguzue, behar bada etxea ere kenduko diguzue, etorkizuna lapurtu nahi diguzue. Baina egindakoarekin harro, harro gaude", gaineratu zuen. 2013an erraustegia geratzea lortu bazen, "berriro ere geldituko dugu, gure amonen etxeak iraunen du zutik, gora Zubieta!" adierazi zien ekitaldira bertaraturikoei.

https://youtu.be/K702KhUCmF4

https://youtu.be/gWvWd6mUNc4

https://youtu.be/bgUxk5LkPus