Tipi-tapa Buruntzaldea barrutik ezagutzeko gonbita luzatu digute gaur Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, eskualdeko mendizale taldeen laguntzaz urriaren 21erako antolatu duen Buruntzaldeko 11. Ibilbide Eguna aurkezteko egin duten agerraldian.
Ekimen honi esker, "lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den jarduera fisikoa egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu. Bidezidor eta bideak ditugu (bost ibilbide daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz".
Partaide bakoitzak abiatzen denean txartel bat jasoko du, irteerako herriak zigilatuta. Bi ibilbide egiten dituenak motxila bat jasoko du opari. "Salbuespenak, Andoain-Lasarte-Oria eta Andoain-Usurbil ibilbideak dira, edozein norabidean eginez gero aipatutako motxila lortuko baitu". Itzulerarako ohi bezala, autobus zerbitzua antolatu da.
Ibilbideetan ez galtzeko, "ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude".
Informazio gehiago buruntzaldea.eus ataria jaso dezakezue. Bertan, ekimen honen nondik norako guztien berri jasotzen duen app bat jaitsi dezakezue mugikorrerako.
BURUNTZALDEKO IBILBIDEEN 11. EGUNA
Eguna: urriak 21, igandea.
Ordutegia: 08:00-14:00.
Tokia: Buruntzaldea (Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta eta Andoain).
Herri bakoitzaren koloreak:
-Andoain: urdina.
-Lasarte-Oria: urre zaharra.
-Urnieta: berdea.
-Usurbil: laranja.
Ibilbideak:
-Itzuli handia: Buruntzaldeari 27 kilometroko bira oinez 8:00etan Lasarte-Oriatik. Ostadar S.K.T.-ko mendizaleen saila arduratuko da irteeraz.
-Andoain-Lasarte-Oria: ibilbide urdina eta urre zaharra; 7,9 kilometro; oinez egitekoa, mendiko oinetakoak beharrezkoak. Ibilbidea osatzeko bi aukera: Buruntza mendiko gailurra eginez edo mendia inguratuz.
-Andoain-Urnieta: ibilbide urdina eta berdea; 4,8 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
-Andoain-Usurbil: urdina eta laranja; 14,9 kilometro Andatzatik barrena; oinezkoentzat soilik, mendiko oinetakoak beharrezkoak.
-Lasarte-Oria-Urnieta: ibilbide urre zaharra eta berdea; 3,9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
-Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga (Santuenetik barrena, Mapileraino): urre zaharra eta laranja; 9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
Oharra: partaide batek bi ibilbide eginez gero, oroigarri moduan pontxo bat jasoko du opari. Andoain-Usurbil eta Andoain-Lasarte-Oria ibilbide osatzen diutztenek baita.
Kontrol guneak eta anoa (argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoa banatzeko):
-Usurbilen: Santueneko auzoko Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagan, Mapil inguruan.
-Andoainen: udaletxe azpian.
-Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.
-Urnietan: udaletxe azpian.
Itzulerarako autobus zerbitzua:
Aginaga, Ezpaldiko gasolindegia: 12:00, 13:00, 14:00.
Usurbil, San Inazioko biribilgunea: 12:07, 13:07, 14:07.
Lasarte-Oria, Dorretxeko biribilgunea: 12:15, 13:15, 14:15.
Andoain, Goiko plazaren atzealdea: 12:30, 13:30, 14:30.
Urnieta, Kioskoko geltokia: 12:40, 13:40, 14:40 (zerbitzuaren amaiera).
Oharra: partaide bakoitzak abiatzerakoan txartela jasoko du abiatzen den lekuko zigiluarekin. Amaieran nor bere herrira itzulitzeko autobus zerbitzua baliatu ahalko da, baina ezinbestean aipatu txartela erakutsi beharko da.
Informazio gehiago: buruntzaldea.eus
Antolatzaileak: Buruntzaldeko Udalak (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil).
Laguntzaileak: Andatza M.K.T. (Usurbil), Euskalduna Mendigoizale Taldea (Andoain), Ostadar S.K.T.-ko mendizaleen sala (Lasarte-Oria), Super Amara (kontrol guneetako jan edanaren hornitzailea), Eusko Jaurlaritza.