"Kolore anitzeko herria eraiki nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 11a, 17:15

Mundualdia jaia aurkeztu dute gaur eguerdian Potxoenean. Aurtengo egitarauaren berri emateaz gain, 'Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan 2018' azterketaren datuak eman dituzte ezagutzera.

Josune Estella udal zinegotziak aditzera eman duenez, "herri anitza dela aldarrikatzetik, mundu bat garela erakustera" aterako dira usurbildarrak plazara. "Biltzera, Mundualdiak guztion aterpe izan nahi baitu". Saioa Aginako Gaztelekuko hezitzailea, Maria Salsamendi Aniztasun saileko udal teknikaria eta Saul Narbaez Mundualdia-ko partehartzaileetako baten eskutik jaso ditugu Mundualdiari buruzko xehetasunak. Bi hizkuntzetan aritu dira baina bideoan soilik euskarazko azalpenak batu ditugu.

Egitaraua

Urriak 17 asteazkena, hitzaldia

Gaurko migrazio mugimenduak xenofobia eta elkartasuna” SOS Arrazakeria eta Amher elkartea. 19:00ean Sutegiko erakustaretoan.

 

Urriak 20 larunbata, Mundualdiaren festa

12:00 Alkatearen agurra.

13:00 Jakien dastaketa.

16:00 Gaztelekuaren ekimena: Usurbilgo haur eta gazteekin kulturarteko jarduera.

19:30 Olana Liss taldearen kontzertua, frontoian.

 

Urriak 21 igandea, dokumentala

18:00 “La mochila invisible” dokumentala Sutegin, Bidez Bide elkartearen eskutik.

 

Urriaren 17tik 22ra, erakusketa Sutegin

"Munduko hizkuntza gutxituak etxean. Zer dugu elkarrengandik ikasteko?” Garabideren eskutik.

"Migratzaileen etorrerak geladialdia izan du"

Jatorri ezberdineko herritarrak bizi dira Usurbilen. Errealitate hori aztertu du Aztikerrek eta emaitzaren berri eman du Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan, 2018 izeneko txostenean.

Maria Salsamendi Gizarte Politikak eta Aniztasuna Departamenduko arduradunaren esanetan, immigrazioa ez da fenomeno berria gurean. 1950ean Espainiako Estatutik iritsi zen lehen olatua. 90eko hamarkadan hasi zen bigarren olatu nagusia. Olatuak olatu, hauek dira gaur gaurkoz nabarmendu daitezkeen datuak:

- Usurbildar guztien (6.162) % 43a udalerrian bertan jaiotakoa da.

- Usurbilgo herritarren hamarretik zortzi baino gehiago Euskal Herriko udalerriren batean jaiotakoa da (%83,1). "Beraz, datu honek erakusten digu Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren ehunekoa baxua dela".

- Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren artean, kontinenteka, jatorri nagusia Europako Estatu-nazio ezberdinetatik etorritakoena da: guztira 769 herritar dira, eta herritarren %12,6 osatzen dute. Amerikatik etorritakoak 198 dira eta herritarren %3,1 osatzen dute (Ertamerikatik 72, Antilatik 19, eta Hego Amerikatik 107); Afrikatik 56, %0,9 (gehienak Saharaz hegoaldetik eta Marokotik iritsitakoak dira), eta Asiatik 17 (%0,3).

- Beraz, herrialde guztiak kontuan hartuta "ia 40 jatorri ezberdin ditugu Usurbilen", Maria Salsamendik aditzera eman duenez.

- Jaiolekua eta sexua alderatuz gero, multzo gehienak orekatuak dira, hau da, gutxi gorabehera emakumezko adina gizonezko bizi dira Usurbilen. Ez da horrela gertatzen beste kontinenteetatik etorritako usurbildarren artean, eta desoreka hori lanpostuaren eraginez gertatzen da. Esaterako, Hego eta Ertamerikatik datozen gehiengoa emakumeak dira (% 61,1), eskaera handia dagoelako hemen zaintza eta zerbitzuekin loturiko lanpostuak betetzeko. Aldiz, Afrika edo Asiatik etortzen direnak, batez ere, gizonezkoak dira, % 64,3 eta % 58,8, hurrenez hurren.  Bestetik, azken urteetan iritsitako migratzaile berrien gehiengoa gaztea da eta lan egiteko adinean etorritakoa. Migratzaile berriek 30 eta 40 urte bitarte dituzte, eta udalerriaren gaztetzea eragiten dute.

- Krisi ekonomikoa dela eta, migratzaileen etorrerak geldialdia izan du, eta azken urteetan lehen aldiz, migratzaileek udalerrian duten pisua jaitsi egin da. Jaitsiera hori ez da Usurbilen bakarrik gertatu, Gipuzkoan ere antzera gertatu da. Hala, Espainian jaiotakoek herritarren % 10,8 osatzen dute, eta munduko beste estatuetatik etorritako herritarrek % 6,1 osatzen dute.