Urriaren 27ko erraustegiaren aurkako manifestazioa babesteko herri argazkia igandean Zubietan

Noaua Aldizkaria 2018ko urr. 12a, 06:01

Zubietan eraikitzen ari diren Gipuzkoako erraustegia geratzeko manifestazio handi eta bateratua iragarria dute eragile anitzek (Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, Eguzki, Greenpeace, ERNAI, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, STEILAS, HIRU eta "No +Precariedad") 

urriaren 27rako Donostian. Amarako Mendeurren plazatik abiatuko da mobilizazioa, "Erraustegia gelditu!" lemapean.

Mobilizazio hau babesteko herri argazkia ateratzeko deialdia egin dute Zubietan iganderako. Eta agerraldi-argazkia datorren ostegunerako. Honatx deialdiok zehatzago:

DEIALDIAK

Urriak 14, igandea

11:00 Herri argazkia Zubietako Alamandegin.

Urriak 18, osteguna

19:30 Agerraldi-argazkia Usurbilgo Mikel Laboa plazan.

Urriak 27, larunbata

17:00 "Erraustegia gelditu!" manifestazioa Donostiako Mendeurren plazatik (Amarako tren geltokitik Urumea ibai aldera joanda dagoen plaza.

AGERRALDIKO ADIERAZPENA

Gaur, Gipuzkoako hainbat eragile elkartu gara. Herritarroi mobilizazio jendetsu baterako deialdi bateratu bat luzatzera gatoz. Helburua: Gipuzkoako erraustegia gelditzeko eskatzea.

Gizartea anitza da eta deialdi hau ere horren lekuko. Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditu, eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoi asko eta anitzak daude. Baina aldarrikapenean, deitzaile guziok bat egiten dugu. Talde bakoitzak bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean; ingurumena, osasuna, ekonomia, jasangarritasuna, demokrazia, etorkizuneko Europaren bideari eta ekonomia zirkularrari eustea... Baina bada arrazoi bat gizarte osoak partekatu dezakeguna: Garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposaketarik onartzen ez dugulako, sinatutako kontratuari ez! Osasuna, ingurumena eta herritarren interesak lehenetsi! Erraustegia gelditu orain! Kontratua eten!

Horregatik guziagatik, eta agintean daudenak, herritarron nahia kontutan izan behar dutelako, aldarrikapen hau ozen entzun dadin, gaur hemen batu garen taldeok, hots Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, Eguzki, Greenpeace, ERNAI, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, STEILAS, HIRU eta "No +Precariedad"-ek, urriak 27, larunbata arratsaldeko 17:00etan, Donostiako Mendeurren plazatik abiatuta, "Erraustegia gelditu!" lemapean manifestazio baterako deia zabaltzen diegu herritar guziei.

Azken urte honetan, 2018an, eta arrazoi ezberdinak tarteko (osasuna, ingurumen baimenak, jasangarritasun ekonomikoa, legediaren errespetua, ...), atzerriko herrialdeetan, gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte. Eta estatu mailan beste 4.

Hemen ere posible da eta oraindik garaiz gaude! Gure etorkizunak eta ongizateak merezi duelako, gipuzkoarrok kalera atera behar dugu, erraustegia gelditu! Exigitzera.